Espainiako Estatuaren parte diren autonomia erkidegoetako presidenteekin eginiko batzarraren ostean, agerraldi bat egin du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Bileran, erkidegoetako presidenteei jakinarazi die martxoaren 14tik indarrean dagoen alarma egoera berriro luzatzeko eskatuko duela; azken luzapena izango da, hamabost egunekoa: «Alarma egoera oso muga gogorrekin hasi zen; gero, arinduz joan ginen, eta porturatzear gaude, osasun larrialdia amaitzear».
Sanchezek ziurtatua du luzapen eskaerak aurrera egingo duela Espainiako Kongresuan, EAJrekin eta ERCrekin akordioak eginda berriro osatuko baitu Sanchezen inbestidurari bide eman zion gehiengoa. Azken luzapen hori «oso ezberdina izango da, askoz arinagoa, baina beharrezkoa», haren esanetan.
Bestalde, Sanchezek berretsi du hirugarren fasera igaroko diren erkidegoetan erkidego horietako presidenteen esku utziko dutela agintea. Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian.
«Kogobernantzatik erkidegoen gobernantza osora igaroko gara, horiek dutelako osasun arloko eskumena. Gobernuak lankidetza eta informazio lanei eutsiko die», adierazi du Sanchezek. Madrilen esku jarraituko dute mugimenduari lotutako erabakiek.
Horretaz aparte, aurrerantzean ere zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei, eta osasun irizpideak errespetatzeko: «Esfortzua eta emaitzak aitortzen ditugun bezala, azpimarratu nahiko nuke ezin garela erlaxatu, zuhurtasunez jokatu behar dugula eta birusa mehatxu oso larria dela oraindik ere. Ikusi besterik ez dago beste herrialde batzuetan izaten ari den hilgarritasun tasa. Ezin dugu hain azkar ahaztu sakrifizio guztia».