Arrosaren Egunaren harira, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia Iruñean izan da gaur goizean. Besteak beste, hilabete barru Nafarroan egingo diren udal eta foru hauteskundeez hitz egin du. Sanchezen esanetan, Nafarroan "beharrezkoa" da aldaketa, eta adierazi du "PSN ez diren beste alderdiak" ezin direla izan aldaketa horren buru: "Nafarroan aldaketa egarria dago NUPera finantzaketa publikoa iristeko, aldaketa egarria dago landa guneetan kendutako osasun etxeak berreskuratzeko, eta Nafarroako erakundeetara gardentasuna sartzeko". Sanchezen ustez, PSNren eskutik etorriko dira aldaketa horiek guztiak.
Maria Txibite PSNren presidentegaiaren arabera, hurrengo gobernuaren buru ezin dira izan "ez UPN, ez EH Bildu". UPNk "murrizketa" politikekin jarraitzen duelako, eta EH Bilduk "bere eraikuntza nazionalekin". Bi muturrak dira Txibiteren ustez: "Gu muturretatik urrun gaude".