Sanchezek Estebani: «Espainiako Gorteek hizlari distiratsuenetako bat galduko dute, baina EAJk presidente bikaina irabaziko du»

Euzkadi Buru Batzarrerako bigarren hautespen aldia gaur bertan bukatuko da, eta emaitzak ez dituzte plazaratu oraindik, baina Espainiako Presidenteak Esteban zoriondu du Espainiako Kongresuan, hark esan ondoren azken galdera egingo ziola diputatu gisa.

Esteban, bere eserlekuan, diputatuen txaloak jasotzen, gaur. ZIPI / EFE
Esteban, bere eserlekuan, diputatuen txaloak jasotzen, gaur. ZIPI / EFE
xabier martin
2025eko otsailaren 26a
11:00
Entzun

Espainiako Kongresuko EAJko eledun Aitor Esteban txalo zaparrada batekin agurtu dute Madrilgo ganberan gaur. Estebanek galdetu dio Espainiako presidente Pedro Sanchezi ez ote duen Sekretu Ofizilen Legea aldatuko, eta erantsi du diputatu gisa egingo zion azken galdera izango zela hori, eta lege horren aldaketa, gertatzen bada ere, ez zuela ikusiko gaur egun duen diputatu eserlekutik.

Sanchezek erantzun aurretik, ganberako diputatu ugarik txalo zaparrada batekin agurtu dute Esteban, zutik jarrita. Horien artean ez dira egon PPkoak eta Voxekoak, baina, edonola ere, agur beroak hunkitu egin du oraindik eledun jeltzale dena. Jarraian, Sanchezek hartu du hitza: «Uste dut dena esanda dagoela talde desberdinen aldetik jaso duzun txaloaldiarekin, baina zorionak eman nahi dizkizut Euzkadi Buru Batzarreko presidente hautatu zaituztelako. Espainiako Gorteek hizlari distiratsuenetako bat galduko dute, baina uste dut EAJk presidente bikaina irabaziko duela».

Estebanek berak sarritan esan du afiliatuei errespetua zor zaiela, eta EAJk martxan duen barne prozesua bukatu arte haiena dela hitza. Gaur bukatuko da EBBren osaketa aukeratzeko bigarren hautespen aldia, eta oraindik ez dituzte plazaratu emaitzak; nolanahi ere, Esteban da EBBko presidentetzarako hautagai bakarra, Andoni Ortuzarrek uko egingo ziola adierazi baitzuen lehen itzulia amaitzean. Batera edo bestera, Estebanek ohartarazi dio Espainiako presidenteari diputatu gisa egingo zion azken galdera zela hori, aditzera emanez Kongresua uztear dagoela.

Estebanen azken eskaera Sekretu Ofizialen ingurukoa izan da, eta Sanchezek erantzun dio legealdi honetan lege hori aldatzen saiatuko dela gobernua. «Espero dut aurrerantzean ere elkarrekin lanean jarraitu ahal izango dugula», esan dio erantzunaren amaieran.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.