San Sebastian egunean festa eta aldarrikapena lotzeko eskatu dute

Egin Dezagun Bidearen ustez, aukera paregabea da Donostiari eta munduari herritarren nahia ikusarazteko

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako Egin Dezagun Bidea bilgunearen arabera, San Sebastian eguna «aukera paregabea» da euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko mezua zabaltzeko. Horregatik, herritarrei dei egin die «donostiarren jai handian» festa eta aldarrikapena uztartzeko. Jakinarazi dutenez, Donostiako Konstituzio enparantzan, banderaren igoeran, presoen aldeko banderatxoak banatuko dituzte, eta horiek «gogoz astintzeko» eskatu dute, «Donostiari eta munduari herriaren nahia zein den ikusarazteko». Modu horretan, preso daudelako edo Euskal Herritik ihes egin behar izan dutelako danborradaz gozatu ezingo duten herritar guztiak gogoratuko dituzte.

Donostian egindako prentsaurreko batean, Egin Dezagun Bidea bilguneko kideek urtarrilaren 7ko manifestazioan parte hartu zuten donostiarrak zoriondu dituzte, Bilboko kaleetan egindako «erakustaldiagatik»: «Donostian 30 autobusetik gora bete genituen, eta autoz ere herritar asko joan ginen. Izugarria izan zen Bilbon bizitakoa», adierazi dute.

Azaldu dutenez, orain arteko bidea «herritar bakoitzaren ekarpenaz egin da», eta gaineratu dute aurrera jarraitzeko ere herri mugimendu zabala osatuko beharko dela. «Herritar bakoitza aktibo bihurtu behar dugu, indar geldiezin bihurtu arte», azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.