San Roke egoitzako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzea deitoratu dute Arabako Gizarte Ongizaterako Erakundeko langileek

Zaintza Arabak egindako kritikekin haserre agertu dira, eta «ezjakintasuna» eta «asmo txarrez» aritzea egotzi diote elkarteari.

Laudioko San Roke egoitza. BERRIA
Laudioko San Roke egoitza. BERRIA
edurne begiristain
2024ko urriaren 17a
13:30
Entzun

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizaterako Erakundeko langile batzordeak ohar bat kaleratu du Zaintza Araba elkarteak Laudioko (Araba) San Roke zahar etxeko egoiliarrei ustez ematen dizkieten tratu «umiliagarriak» ezeztatzeko. Duela aste pare bat egoiliarren senideen elkarteak salatu zuen egoitza horretan tratu desegokia ematen zaiela adinekoei, eta horri erantzun diote foru erakundeko beharginek esanez San Roke erresidentziako langileek ez dietela inoiz tratu iraingarririk eman egoiliarrei, eta beti «errespetuz» tratatu dituztela.

Zaintza Arabak egindako salaketa, «onartezina» ez ezik, «gezurra» ere badela ohartarazi dute, haserre: «Egoitzako langileen profesionaltasuna zalantzan jartzeak erabateko ezjakintasuna eta asmo txarra adierazten du». Ongizate erakundeko langile batzordeak azpimarratu du egoitzako pertsona guztiek zaintza plan indibidualizatua dutela, familien parte hartzearekin garatua eta adostua, eta plan horretan eguneroko bizitzako jarduerak eta premiak asetzeko ekintzak jasotzen direla: «Errespetuz zaintzen ditugu gure jarduera guztiak, pertsonak behar duen laguntzaren arabera», diote.

«Errespetuz zaintzen ditugu gure jarduera guztiak, pertsonak behar duen laguntzaren arabera»

Egoiliarrekiko tratu iraingarririk ez dela inoiz egon azpimarratu dute, eta erabiltzailearen premiaren eta mendekotasun mailaren araberako arreta ematen dutela argitu. Halaber, gogoratu dute egoiliarren senideei jakinarazten dietela zaintza arretan izan daitekeen edozein aldaketa, eta familiak berak esku hartzen duela erabaki horietan.

Horrez gain, langileen batzordeak erabateko babesa agertu die San Roke egoitzako langileei, eta haien aurkako «erasorik» ez dutela onartuko ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.