Lurdes Azebedok (PSE) ordezkatuko du Lasarte-Oriako Udala, hemendik aurrera, San Marko mankomunitatean. Nerea Santxezen kargua hartuko du (Bildu). Atzo onartu zuten mozioa, udalaren osoko bilkuran: Santxez kargutik kentzearen alde egin zuten PSEk, EAJk eta PPk; Bilduk eta Herritar Plataformak, berriz, aurka bozkatu zuten. Hala, urratsa egin dute EAJk, PSEk eta PPk, San Marko mankomunitatean agintea aldatze aldera. Gaur egun, Bilduk agintzen du bertan.
Lasarte-Oriako alkate Pablo Barriok (Bildu) salatu du mozioa «ordezkaria baliogabetzetik haratago» doala, eta Zubietan errauste planta ezartzearen aldeko «urrats garbia» dela: «Errauste plantaren aurkako pertsona bat kendu dute, aldeko bat jartzeko; hondakinak erraustearen alde dagoen gehiengo bat ezarri nahi dute San Markon».
Lasarte-Oriako PSEren bozeramaileak, Jesus Zaballosek, Bilduko zinegotziaren aurka mozioa aurkeztearen arrazoiak azaldu ditu: «Ez dugu mantendu nahi herritarren gehiengoaren interesen aurka doan pertsona bat». Era berean, azaldu du errauste planta ezartzearenalde dagoela bere alderdia, baina ez dutelaZubietan ezarri nahi. Adierazpen horiekin bat egin du Estitxu Alkortak, EAJren bozeramaileak.
Lasarte-Oriakoaz gain, beste mozio bat aurkeztuko dute Donostian, hilaren 26an. Nora Galparsorok (Bildu) ordezkatzen du udala San Markon; mozioa onartzen badute, Ramon Gomezek (PP) hartuko du kargua. Denis Itxasorekin (PSE) batera ordezkatuko du Donostia.
Bilduk 99 bozka ditu orain San Markoko mankomunitatean; 58 dituzte PSEk eta EAJk. Bi mozioak onartuz gero, gehiengoa EAJ eta PSEren eskuetan egongo litzateke: 88 bozka edukiko lituzkete bi alderdiek; Bilduk, berriz, 69.
San Markon agintea aldatze bidean urratsa egin dute
Lasarte-Oriako ordezkaria galdu du Bilduk, haren aurkako mozioarekin; PSEk hartuko du kargua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu