San Josek «ziklo berri bat» iragarri du, baina estatuko biktimen ordezkari bat Gogora-tik kanpo utzi du

Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuaren arabera, biktimarioen irudiak eremu publikotik kentzeko zigor erregimena ezarri nahi dute. Estatuko biktimen ordezkari bat Gogora-ren kontseilutik kentzea «larria» dela deritzo EH Bilduk.

Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, legebiltzarreko batzordean.
Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua, legebiltzarreko batzordean. IREKIA
2024ko irailaren 25a
16:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako sailburu guztien artean Eusko Legebiltzarretik igarotzen azkena izan da Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua. Hark nabarmendu du memoria politiketan «ziklo berri bat» irekiko duela Gogora institutuak. Bi orduko agerraldia bukatu denean, Gogora institutuko zuzendaritza kontseiluko bost kide independente hautatu behar izan dituzte batzordean, eta polemika piztu da EH Bilduk proposatutako hautagaietako bat, Pilar Garaialde estatuko segurtasun indarren biktima, kanpoan geratu delako. 

Bozkatu aurretik sei hautagai zeuden: EAJk, PSE-EEk eta EH bilduk bina aurkeztu dituzte. Gobernuko bi bazkideek euren hautagaien alde egin dute, eta EH Bilduk aurkeztutakoa Paco Etxeberria aurrera atera da. Aldiz, jeltzaleen eta sozialisten abstentzioaren ondorioz, Garaialde kontseilutik kanpo geratu da. Bilkura amaituta, EH Bilduk gogor kritikatu du estatuaren biktimak bazterrean utzi izana, eta Gogora-n izango duen presentzia birplanteatuko duela esan du.

San Joseren gidalerroak

Hori guztia gertatu aurretik, hurrengo lau urteetarako asmoak azaldu ditu San Josek. Datorren ekainean hamar urte beteko ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, eta tarte horretan guztian Aintzane Ezenarro izan da buru. Alta, uztailean, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak oroimeneko gaietan «lerratuta» egotea aurpegiratu zien arduradun jeltzaleei

«Etikoki ez da onargarria biktimarioen irudiek eta sinboloek eremu publikoa hartzea. Ez da soilik jarrera pasibo bat; ez dira krimenak eta haren egileak goratu behar»

MARIA JESUS SAN JOSEJaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua

Adierazpenok gogoan, bere agerraldian, San Josek adierazi du indarkeriaren erabileraren zilegitasun oro guztiz auzitan jarriko duen memoria kritikoa eraiki nahi dutela. Gaineratu duenez, «etikoki ez da onargarria biktimarioen irudiek eta sinboloek eremu publikoa hartzea. Ez da soilik jarrera pasibo bat; ez dira krimenak eta haren egileak goratu behar». Hala, esan du «biktimen sentsibilitatea eta mina urratuko duen edozein jarduera» baztertzeko konpromisoa dutela. Haren esanetan, terrorismoaren biktimen parte-hartze kontseiluak proposamen bat egin du, eta zigor erregimen bat ezartzeko aukera dago, lege erreforma baten bidez.

EAJren ñabardura

EAJko Xabier Barandiaranek gogorarazi dio San Joseri bere agerraldian gobernu akordiotik kanpoko «gauza batzuk» sartu dituela: «Adibidez, biolentziaren deslegitimazio prozesu horretan, giza eskubideak urratu zaizkien biktimen inguruan egin daitezkeen harrerak edo aldarriak». Barandiaranek onartu du bat egin dezaketela ideia horrekin, baina ezin dela gaia horrela jorratu. «Horrek eskatzen du aurrez kontsentsuak lantzea, eta gure ustez egokiagoa da aurrez adostasunera heltzeko bidean jartzea, eta ez esparru publikoan agertu eta gero ados jartzen saiatzea». 

Motibazio politikoko biktimen inguruan, San Josek adierazi du pozik daudela balorazio batzordearen lanarekin. Urte hasieratik, aitortzarako eskaerek gora egin dute, eta batzordeak baliabide gehiago eskatu dizkio sailari. San Josek argitu du batzordeko kideak aldatu egingo direla, legeak dioen irizpideei jarraikiz. 

«Gure ustez egokiagoa da aurrez adostasunera heltzeko bidean jartzea, eta ez esparru publikoan agertu eta gero ados jartzen saiatzea»

XABIER BARANDIARANEAJko legebiltzarkidea

Gogora institutuaren plan estrategikoa lantzen ari dira, eta ezarriko dituzten aldaketa batzuk aurreratu ditu. Adibidez, unibertsitateari eta mundu akademikoari erreparatu nahi diote, «zorroztasun historikoz aritzeko». Halaber, memoria arloko beste erakundeekin lan egin nahi du, eta «lekukotza berriak» bilatuko dituzte: «Diktaduraren jazarpena, polizien abusuak eta ETAren terrorismoa jasan zutenak badira Euskadin, eta haien testigantzak balio berezia du indarkeriari zilegitasun oro kentzeko». 

Hiru urte beteko dira espetxe eskumena eskualdatu zenetik. San Josek azaldu du «aurki» amaituko direla Zubietako espetxearen obrak, eta behin presoak Martutenetik hara bidaltzean burutuko dela transferentzia. Sailburuak espero du espetxe arloko 829 langile izatea, lehen baino «159 gehiago». Arlo horretan, bere lehentasunetako bat izango da presoen buruko osasunari arreta berezia ematea, eta haien gizarteratzeko prozesuari begira erremintak izatea.

Sailburuak ukatu egin du ETAko presoei hirugarren gradua ematea erraztuko denik. «Ez da bereizketarik egongo, bestela prebarikatu egingo baikenuke. Huts politikoa da ETAko presoak kolektibo gisa tratatzea. Hala aldarrikatu izan dute, baina ez diegu estatus hori emango».  

EH Bilduren kritika

Agerraldia amaituta, EH Bilduko Julen Arzuagak gogor kritikatu du Gogora-ko zuzendaritza kontseiluko kideen aukeraketan gertatutakoa. EAJri eta PSE-EEri egotzi die estatuaren biktimak «berriro» baztertzea. «ETAren biktimek tokia dute Gogora-n, eta ondo dago, eta horregatik babestu ditugu Maria Jauregi eta Josu Elesperen hautagaitzak, baina EAJk eta PSEk estatuaren biktimak baztertu dituzte. Erabaki hau oso larria da; ez du bizikidetza sustatzen, ez da biktimen aitortzaren aldeko urratsa, erabaki alderdikoi hutsa da, eta memoria politikak hartzen ari diren norabide okerraren beste froga bat».

Uste du Gogora-ren sinesgarritasuna bera jartzen dela auzitan estatuaren biktima bat kanpo utzita. Horregatik, Gogora-n izango duen jarrera eta presentzia berriz pentsatuko dutela esan dute EH Bildukoek.

«ETAren biktimek tokia dute Gogora-n, eta ondo dago, eta horregatik babestu ditugu Maria Jauregi eta Josu Elesperen hautagaitzak, baina EAJk eta PSEk estatuaren biktimak baztertu dituzte»

JULEN ARZUAGAEH Bilduko legebiltzarkidea

Egiari Zor fundazioak txarretsi egin du Gogora-tik kanpo uztea Garaialde. «Onartezina eta erabat umiliagarria da alderdi batzuek trikimailu alderdikoiak erabiltzea estatu terrorismoaren biktima bat kanpoan uzteko. Ezin zaio etikari heldu eta komeni bezala ahaztu». Jaurlaritza berritzearekin batera «ziklo berri bat» egongo zela esan zuten, eta nolako hasiera eman dioten kritikatu dute: «Estatuaren biktimen kolektiboari begirako diskriminazio berri batekin eman diote hasiera, EAJren ezinbesteko babesarekin». Pradalesekin biltzekoak direla jakinarazi dute, eta gai hori hizpide izango dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.