San Josek espetxe kudeaketaren jomugan jarri ditu «kaltearen aitortza» eta biktimak

Legea «zorrotz» errespetatu behar dela azaldu du Justizia sailburuak. Ruth Alonso epaileari eman diote Francisco Javier Gomez Elosegi saria.

Ruth Alonso, Imanol Pradales eta Maria Jesus San Jose gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ruth Alonso, Imanol Pradales eta Maria Jesus San Jose gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko uztailaren 18a
18:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek helburu gisa jarri ditu presoek «egindako kaltea aitortzea» eta espetxe arloan erakundeek hartzen dituzten erabakiak biktimei egoki azaltzea. San Josek parte hartu du Mandelaren Egunaren harira Euskalduna jauregien egindako ekitaldian, besteak beste Imanol Pradales lehendakariarekin batera. 

PSE-EEk espetxe arloan egindako lana nabarmendu nahi izan du San Josek hitzaldiaren hasieran, eta adierazi du bera buru zuen Lan eta Justizia Saila hasi zela «espetxe kudeaketarako eredu integral bat diseinatzen», 2016tik 2020rako legealdian. Gehitu du duela hiru urte lortutako transferentzia ez dela «konponbide bat» bere hartan, bitarteko bat baizik. Bitarteko bat espetxeak «errehabilitazio sozialerako» baliatzeko, betiere legea «zorrotz» errespetatuta, «araudiek ezarritako murrizketak eta aukerak» kontuan izanda.

Hori zehaztuta, ezarritako bi helbururi erreparatu die San Josek: «Gure konpromisoa da espetxean daudenek ulertzea zergatik dauden hor, eta biktimek ulertzea zer erabaki hartzen ditugun». Lehen xedeari dagokionez, sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela presoek «kaltea aitortzea» eta «erantzukizuna euren gain hartzea». «Han badaude, erabaki bat hartu zutelako daude, eta hori aitortzea da lehen urratsa beren iragan iluna atzean uzteko, eta prestatzen hasteko egunen batean gainerakoen eskubide eta aukera berberekin kalera irteteko», esan duenez. Eta horrekin batera, gehitu du Jaurlaritzak ardura bera duela espetxeratu guztiekin: «Salbuespenik gabe, pribilegiorik gabe, esparru pribaturik gabe».

Era berean, azaldu du beharrezkoa dela arduraz jokatze biktimekin ere: «Biktima guztiekin; batez ere osotasun fisikoaren eta psikikoaren kontrako erasoak jasan dituztenekin eta, are gehiago, eraildakoen senideekin». Horrek eskatzen du erakunde publikoek martxan jartzen dituzten politika publikoak horiei ere azaltzea. 

Aitortza Ruth Alonsori

Justizia sailburuak espetxeetako langileen lana nabarmendu du, «elkarbizitzaren mesedetan» egindakoa, eta gehitu du ETAk horregatik jarri zituela «jomugan»: «Eskerrak bere bokazioarekin jarraitu zutenei, terrorismoaren presiopean egon arren», zehaztu du, eta erakunde armatuak hildako zazpi funtzionarioak eta «zaurituak, bahituak eta jazarriak» ere oroitu.

Hain zuzen, Mandelaren Egunarekin bat eginez, Francisco Javier Gomez Elosegi saria banatu du Eusko Jaurlaritzak; Gomez Elosegi ETAk hil zuen, 1997an. Aurten, Ruth Alonso epaileari eman diote sari hori. Alonso Bilboko Espetxe Zaintzako epailea da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.