Eratu da dagoeneko Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa kudeatuko duen fundazioa, eta zentroa egin ahal izateko lehen lanetako bat Gasteizko San Frantzisko eliza eraberritzea izango da. Izan ere, eraikinaren egoerak okerrera egin du nabarmen. «Gotzaindegiaren utzikeriaren» ondorioz, EH Bilduk salatu duenez. Koalizioak eraberritze lanei lehenbailehen heltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak erantzun dio beren lehentasunetako bat dela hori, eta fundazioko patronatuari adieraziko diotela.
Sailburuak azaldu du San Frantzisko eliza eraberritzeko lehen urratsak hura fundazioaren esku geratzea izan behar duela, eta horretarako lan egin duela Jaurlaritzara iritsi zenetik. Sailburuaren arabera, hori egin eta gero pausoak ematen hasi beharko dute Gasteizko Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta gotzaindegiarekin elkarlanean.
Zehazki, bi lan lerro aipatu ditu. Batetik, eraikinaren egoeraren inguruko ikerketa bat «lehenbailehen» kontratatzea, eta ikerketa hori kontuan izanik eraberritzeko lanei ekitea. Bestetik, «hausnarketa estrategiko bat» egitea: «Lortu behar dugu Martxoaren 3ko biktimen oroimenezkoa erreferentziazko zentro izatea memoria demokratikoaren eraikuntzarako».
San Josek zehaztu du orduko gizartea islatzeko gai izan behar duela zentroak, eta kontuan izan beharreko zenbait elementu aipatu ditu: «Bateratu behar ditu langile mugimendua, bizilagunen mugimendua, mugimendu feminista, Eliza Katolikoan izandako belaunaldi aldaketa Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean. Langileen artean ohikoak izan ziren migrazio mugimenduez hitz egin behar du».
«Mantsoegi dabiltza»
EH Bilduko legebiltzarkide Amancay Villalbak orain arteko martxa geldoa kritikatu du: «Luzea izan da oroimenezkoa lortzeko bidea, eta inplikatutako erakundeak mantsoegi dabiltza». Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta hango gotzaindegiak 2021ean sinatu zuten oroimenezko zentroari bide emateko protokoloa, baina, azkenean, aste honetan eratu da ofizialki fundazioa.
Horrek ondorioak izan ditu eraikinean. Villalbak gogoratu du egin zela eraikinaren egoeraren inguruko ikerketa bat, baina hura jada ez dela baliagarria, egoerak okerrera egin baitu, «kezkagarri» izateraino. Aipatu du itoginak eta putzuak daudela eraikinaren barruan, eta gotzaindegiari egotzi dio hori: «Gotzaindegiaren utzikeria nabarmena izan da, eta eraikinak egiturazko arazo larriak ditu».
Uste du orain are lan handiagoa egin beharko dela eraikina eraberritzeko, eta, ondorioz, ditu gehiago erabili beharko dutela. Horri lotuta, gogoratu du koalizio subiranistak akordio bat itxi zuela Espainiako Gobernuarekin 2022an, eraikineko eraberritze lanetara 600.000 euro bideratzeko. Diru hori erabiltzeko asmorik ote duten ere galdetu dio gaur Villalbak San Joseri. Hark, baina, ez dio afera horri heldu.