San Frantzisko eliza memoria leku izendatzea eskatu dio Gasteizko Udalak Madrili

Martxoaren 3ko sarraskiaren eliza Espainiako Memoria Demokratikoaren Legean jasotzea nahi du udalak. Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko ministroak esan du aztertuko duela. Ministro batek lehen aldiz hartu du parte biktimak omentzeko ekitaldian.

ESPAÑA 3 MARZO
Torres ministroak lore sorta bat utzi du biktimen oroitarrian, Zaramaga auzoan. ADRIAN RUIZ HIERRO/EFE
aitor biain
2024ko martxoaren 1a
11:55
Entzun

2023ko apirilaren hondarrean, Espainiako ministro bat lehen aldiz joan zen Gernikara bonbardaketa oroitzeko ekitaldira, Felix Bolaños hain zuzen, eta Pedro Sanchez presidenteak iragarri zuen «memoria leku» izendatuko dutela Gernika. Gaur ere Espainiako ministro bat egon da, estreinakoz, Martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren 48. urteurrena gogoratzeko ekitaldian, Angel Victor Torres Espainiako Memoria ministroa, eta Gasteizko alkate Maider Etxebarria sozialistak San Frantzisko eliza memoria demokratikoaren leku izendatzeko eskatu dio.

Zaramaga auzoko eliza hartan batzartuta zeuden langileak 1976ko martxoaren 3an, eta bost langile hil zituzten handik aterarazteko Poliziak egin zuen oldarraldian. Bada, leku horrek garrantzi historiko eta sinboliko handia duela azpimarratu du Etxebarriak, eta horregatik iritzi dio memoria demokratikoaren lekuen zerrendan egon behar duela. «Lan eskubideen alde modu baketsuan borrokatu zirenenganako lotura estua dauka», nabarmendu du. 

Torres ministroak adierazi du Madrilgo gobernua aztertzen ari dela 1976ko sarraskia gertatu zen eliza ere memoria lekuen zerrendara gehitzea. Gernikarekin batera, zerrenda horretan egongo dira, esaterako, Cuelgamuros (Espainia) eta Espainiako Panteoia, Madrilen. Hain zuzen ere, ministroak adierazi du aurki egingo dutela Gernika memoria leku izendatzeko sinatze ekitaldia. Gainera, Eusko Jaurlaritzak egindako eskariari erantzunez, Batzar Etxera ez ezik hirigune osora zabalduko da izendapena. 

Dirua, prest

Sarraskia gertatu zen lekuan bertan, San Frantzisko elizaren ondoan, lore eskaintza egin du Torresek bost hildakoak omentzeko oroitarrian, Etxebarriarekin eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarekin batera. Arrosa gorriak utzi dituzte oroitarrian, eta eliza bisitatu dute gero. Alkatearen hitzetan, «ekitaldi txikia baina sinbolismoz betetakoa» izan da. Torresek, berriz, esan du «ohorea» dela, biktimak omendu dituen aurreneko ministroa izatea, eta gogorarazi legearen helburua «memoria berreskuratzea eta diktadura garaiko eta frankismo osteko biktimak duintzea» dela.

Keinu horrekin beste urrats bat egin nahi izan du Espainiako Gobernuak memoriaren mapa osatzeko. Izan ere, ministroak adierazi du Madrilgo gobernuak «konpromisoa» duela sarraskiaren memoria aintzat hartzeko, eta iragarri du 600.000 euroko diru laguntza prest duela San Frantzisko elizan kokatuko den memoria gunea eraikitzeko. EH Bildurekin egin zuen ituna iaz Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestearen truke.

Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du diru hori erabili orain arte, argudiatu baitu ez dela eraikinaren jabea. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako sailburuak adierazi zuen ezinbestekoa zela dirua jaso eta eraikinaren ardura hartuko duen fundazioa eratzea. Joan den hilean osatu zuten erakundea Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Apezpikutzak. Torresek iragarri du 2024ko aurrekontuetan diru laguntza hori gorde egingo dutela, iaz erabili ez bazen ere.

LAB sindikatuaren mobilizazioa

Urteurreneko ekitaldien atarian, LAB sindikatuak ere mobilizazioa egin du gaur Martxoak 3ko gertakariak oroitzeko eta sindikatuaren 50. urteurrena ospatzeko. Enbor beretik sortuko dira leloarekin, ekitaldia egin du lehenik, eta manifestazioa gero, Zaramaga auzoraino. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak gogora ekarri du 1976 hartan jaio berria zela sindikatua. «Hasieratik argi izan genuen gure lekua non zegoen. 1976ko martxoaren 3aren parte izan ginen eta LABentzat urtemuga garrantzitsua izaten jarraitzen du», azpimarratu du. Zaintzaren, enpleguaren eta ondasunen banaketa aldarrikatu ditu, halaber. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.