Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza memoria demokratikoko lekua izango da ofizialki. Astelehenean hala jasoko du Espainiako Aldizkari Ofizialak, Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoko ministroak gaur adierazi duenez, Mikel Otero EH Bilduko parlamentariak egindako galderari erantzunez. Justu, astelehenean beteko dira 49 urte Polizia San Frantziskon tiroka sartu zenetik eta greban zeuden bost langile hil zituztenetik.
Duela urtebete egin zion eskaria Maider Etxebarria Gasteizko alkateak Torresi, zuzenean. Lore eskaintzan parte hartu zuen ministroak —lehen aldia izan zen Espainiako Gobernuko ministro bat Martxoaren 3ko ekitaldietan izan zela— eta aukera baliatu zuen eskakizuna egiteko. Tarte honetan, behin baino gehiagotan iragarri ditu asmo positiboak Espainiako Gobernuak, baina horiek aurrera eramatea falta zen. Etxebarriak, joan den astean, berriz egin zuen eskakizuna.
«Memoria lekuak egotea defendatzen duten indar politiko guztiekin batera, han gertatutakoa azaldu nahi dugu, berriro ez gertatzeko eta langileen borroka, demokrazia eta askatasuna defendatzeko», esan du ministroak.
Martxoak 3 elkartearentzat, ez da nahikoa. Ekintza sinbolikoa dela esan du Nerea Martinez elkarteko kideak, eta egia, justizia eta erreparazioa lortzeko neurri eraginkorrak behar direla gaineratu du: «Sekretupean dauden sumarioak desklasifikatu behar dira, egia jakiteko. Ez ditzatela traba gehiago jarri: sarraskiarekin zerikusia eduki zutenak epaitu egin behar dira. Eta biktimek aitortza behar dugu, bigarren mailako biktimak izateari uzteko». Halakoak berriz ez gertatzeko neurriak ere eskatu ditu talde memorialistak.
600.000 euro
Iazko lore eskaintzan 600.000 euroko laguntza ere iragarri zuen Torresek, Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioarentzat, EH Bildurekin hala adostu zutelako. Oterok esan du oraindik ez dela dirurik iritsi, eta ministroak erantzun dio orain arte ezinezkoa izan dela transferentzia egitea, fundazioa eratu gabe zegoelako. Behin martxan jarrita, diru hori bidaliko zaiela azpimarratu du, eta gogoratu du indarrean dauden aurrekontuetan hala dagoela jasota.
EH Bilduk ministroaren hitzak ospatu ditu, ohar bidez egindako balorazioan. Laguntzaren garrantzia azpimarratu dute, gogoratu baitute eraikinak «egiturazko kalteak» dituela eta milioi bat eurotik gorako inbertsioa behar dela konponketak egiteko.
San Frantzisko elizan egongo da Martxoaren 3aren inguruko oroimenezko zentroa. Oraindik ez dute zehaztu noiz irekiko duten, nahiz eta eragileen asmoa den hurrengo urterako prest edukitzea, 50. urteurrenarekin batera. Elkarte memorialistek M3moria auzolana egitasmoa abiatu dute, ondare immateriala eta materiala biltzeko. Halaber, ohartarazi dute San Frantziskoko aztarna historikoak galtzear daudela, eraikinaren egoera «tamalgarriagatik».