Zigor gogorrak, zafraldiak, umiliazioa eta bortxaketa salaketa bat. Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierkoa kolegioko ikasle ohi batzuek Facebookeko talde bat sortu dute, eta bertan bildutako lekukotasunek agerian utzi dituzte kolegioan bizi zituzten egoera gordinak.
Ebiakoitzean taldea egin orduko, lekukotasuna eman du bertan Gillesek —izengoitia erabili nahi izan du—. Hain zuzen ere, BERRIAri kontatu dio Uztaritzeko kolegio katolikoan pairatu zuena. 1970eko hamarkadan sartu zen bertan, eta lehen-lehenik azaldu du bertako hezkuntza eredua «gogorra» zela. «San Frantses Xabierkoa kolegioa jadanik ezaguna zen garai hartan, bortitza zelako». Adierazi du Uztaritzeko kolegioak ikasleak berriz «bide zuzenean» ezartzeko fama zuela, Betharramgo (Biarno) ikastetxeak bezalaxe.
Erran duenez, apezek zuten kolegioa kudeatzen, eta bertan bizi ziren denak. Hezkuntza eredu «biziki bortitza» zela esplikatu du Gillesek. Izan ere, jasandako bortizkeria fisikoa oroitu du. Zigor biziki gogorrak jasaten zituzten, eta apezek pairarazten zizkieten umiliazioak «gogorki» markatu dio bizia.
Musika eskoletan jasaten zituen kolpeak gogora ekarri ditu: «Musika eskola bakoitzaren hasieran musika klasikoko zati bat ematen zigun irakasleak, eta harrabots ttipiena ere egiten bagenuen, gure gainera jauzi egiten zuen eta mahaitik mahaira pasatzen zen zafraldiak eta muturrekoak ematera».
Umiliazioak
Zigor fisikoez gain, ikasleen umiliatzea izan zen Gillesek atxiki duen trauma «sakonena». Kontatu du apez batzuek ematen zituzten zigorren artean bat «bereziki» bortitza zela, fisikoki eta psikologikoki. Haren hitzetan, arau urratze bat egin zuen, eta apez baten ganbarako ate aitzinean belauniko eman zuten, egurrezko erregela baten gainean. Hala historiako kapitulu oso bat buruz ikasi behar zuen.
«Sekula ipurdiarekin aztalak hunkitzen banituen, bertze kapitulu bat ematen zidan errezitatzeko. Oren bat edo bi iraun zezakeen zigorrak. Zutitu nintzelarik, ez nintzen ezta ibiltzen ahal ere, hain handia zen belaunetan nuen mina»
GILLESKolegioko erasoen biktima
Behin kapitulua ikasirik, apezaren ganbarako atea jo eta irakasleari errezitatu behar izan zion testu guzia. Akats ttipi bat egin zuen, eta apezak atea hetsi zion berriz, kapitulua ontsa ikasi arte. Zigorra aski ez eta apezek ikasleak sufritzen ikustea «maite» zutela erran du: «Okerrena da batzuetan atea irekitzen zuela sorpresaz, ikusteko ea nire aztalen gainean esertzen nintzen. Min ikaragarria eragiten zuen erregelak belaunetan. Sekula ipurdiarekin aztalak hunkitzen banituen, bertze kapitulu bat ematen zidan errezitatzeko. Oren bat edo bi iraun zezakeen zigorrak. Zutitu nintzelarik, ez nintzen ezta ibiltzen ahal ere, hain handia zen belaunetan nuen mina».
Horrez gain, ikasleak gosez atxikitzen zituztela salatu du: «Ez genuen kasik deus jateko, ikasleak gosez egoten ginen. Sardina bat, pasta pixka bat eta sagar bat, hori zen kasu hoberenean tokatzen ahal zitzaizuna. Platera mahai hasieran ematen zutenez, mahai bukaerakoek anitzetan ez zuten deus jateko».
Apezek eta irakasleek ondoko gelan jaten zutela eta ikasleek zerbitzatzen zituztela oroitu du. Jangelatik sukaldera itzultzen ziren plateretatik «zertxobait» hartzen bazuten, zigortuak ziren. «Patata bat hartu izan nuen nik behin sukalderako bidean, gose handia nuelako. Berehala jo ninduten, eta ebiakoitzez egon nintzen ikastetxean zigor gisa».
Txerriak hobeto
Janari soberakina ikasleei eman ordez, botatzea nahiago zutela erantsi du: «Apezen otorduen platerak sukaldera itzultzen genituelarik, langileek soberakinak ontzi handi batzuetan ematen zituzten, txerriei emateko. Horrek erran nahi du txerriek guk baino hobeki jaten zutela».
Bertzalde, France Bleu irratian, Cyril Ganne Betharramgo eta San Frantses Xabierkoa kolegioko ikasle ohiak kontatu du Uztaritzeko kolegioan bortxatu zutela Biarnoko ikastetxera joan baino lehen. Erantsi du bortxaketa 1983an gertatu zela. Nahiz eta ikastetxe «guzia» jakinean izan, bortxaketa gorde zuten, salatu duenez. Salaketa jarri du ikastetxearen kontra, bortxaketagatik, kolpeengatik eta tratu txarrengatik.
30 pertsona dira Uztaritzeko ikasle ohien Facebookeko taldean. Uztaritzeko kolegio katolikoko ikasle ohien hitza «askatzeko» sortu dute taldea. Zehaztu dutenez, Betharramgo ikastetxean izaniko bortizkeria eta sexu erasoen ondotik, argitara ekarri nahi dituzte Uztaritzeko kolegioko kasuak, Biarnoko ikastetxeko bortizkeria eta umiliazioa «berak» jasan baitzituzten. Gainera, Sud Ouest-en arabera, Akizeko (Okzitania) Notre-Dame-du-Sacre-Coeur kolegioko ikasle ohi batzuek ere salaketak jarri dituzte.
Baionako prokuradoreordeari salaketez galdeturik, erran du ez duela «neholako» xehetasunik gertakariei buruz.
Betharramgo ikastetxea
Iazko urri hastapenetik hasi ziren pilatzen Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katolikoko apez eta zaindari ohi batzuen kontrako salaketak. Uztaritzeko ikastetxeko ikasle ohiek bezalaxe, Betharramgoek Facebookeko talde bat sortu zuten. Alain Esquerre ikasle ohia da horietariko bat. Ia-ia ehun lekukotasun eta salaketa bildu zituen, eta Paueko prokuradore Rodolphe Jarryk ikerketa ireki zuen. Betharramgo indarkeria kasuak 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara bitartekoak dira.
Ipar Euskal Herritik Betharramera abiatzen ziren ikasle franko ziren, eta haietariko batek, Michelek —izengoitia erabili nahi izan zuen— BERRIAri lekukotasuna eman zion. Bortizkeria kasuak gogoan iltzaturik eraman ditu Michelek. Ez du sexu erasorik oroitzen, baina «ezinago bortitza zen gizon bat» oroitu zuen: Cheval zaindaria. Ondorioz, bortizkeria fisikoak pairatu zituen. «Kolpeak; kolpe anitz». Hark bildu dituenak eta besteei sufriarazitakoak gogoan zituen.
Zehaztu zuenez, zaflakoak hartzen zituzten, eta pasoak buru gainean: «Ukabila hetsirik, gibeletik ematen zizkiguten; izugarri min egiten zuen, eta denek konkorrak bagenituen gero». Baina Cheval zaindariak beste hainbat zigor ematen zituela kontatu zuen. Besteak beste, erran du gauean kanpora ateratzen zituela ikasleak, pijama jantzita, eta izoztu arte mantentzen zituela sudurra paretaren kontra zutela. Dutxaren momentua gogora ekarriz, Michelek oroitzen zuen gehienez bi minutuko dutxa hartzen zutela ur hotzean, eta Chevalek begirada «biziotsua» luzatzen ziela ikasleei.
Lekukotasun anitzek zuzenki izendatu dute zaindari laiko bera. «52 salaketa baditut laiko horri buruz. Lan ibilbide osoa egin du, arazorik gabe, Betharramen eta beste leku batzuetan; ibilbidea Chateaurouxen (Frantzia) bukatu du, eta haurrak eta arrahaurrak ukan ditu, deus gertatu ez balitz bezala».
Hala ere, Esquerrek erran zuen gurasoek konfiantza zutela Betharramgo arduradunengan. Haren arabera, apez zuzendariak kultura pedofiloaren barne ziren, eta aditzera eman du haurrak joz bakarrik hezten zekitela.
Elizari dagokionez, berriz, oraino isiltasuna hor dela salatu zuen Esquerrek: «Eliza denez, nehork ez du deus erraten». Isiltasuna hautsi nahi du, eta oroz gain nabarmendu zuen apezek sexualitate bat badutela onartu behar dutela. Ez zuen ikusi gauzak aldatzeko nahikeriarik Elizako agintarien artean. Haren ustez, Eliza izugarri urrun da aldaketa horretarik. «Hipokrisia orokortu hori gelditu behar da; bestela, Betharram bezalakoak sortzen dira».