San Bartolomeko merkataritza gunearen egitasmoa bertan behera utzi du Donostiako Udalak

Bertan behera geratuko da San Bartolome muinoan merkataritza gunea eta aparkalekua eraikitzeko proiektua. Auzo horretan jadanik obra gehiegi daude, emisio gutxiko eremua da, eta proiektuak trafiko gehiago sortuko luke, Eneko Goia alkatearen arabera.

San Bartolome muinoan egitekoa zen egitasmoaren maketa bat. BERRIA
San Bartolome muinoan egitekoa zen proiektuaren maketa bat. BERRIA
kristina martin
2025eko apirilaren 11
13:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Eneko Goia Donostiako alkateak gaur eman du EAJk eta PSEk osatzen duten udal gobernuak hartutako erabakiaren berri, premiaz deitutako prentsaurreko batean: San Bartolome erdialdeko eremuan 2014tik aurreikusita zeuden bi proiektu bertan behera uztea. Alde batetik, 8.000 metro koadroko merkataritza zentro bat, eta, bestetik, lau solairuko lur azpiko aparkaleku bat. Bi arrazoi aipatu ditu Goiak: bata San Bartolome emisio gutxiko eremua (EGE) izanik autoak erakartzea ez dela logikoa, neurriaren helburua trafikoa murriztea baita; bestea auzo horretan metroaren obrak sorrarazten ari diren eragozpenei obra berri batena gehituz gero beste bi urtez luzatuko liratekeela. Horretaz gain, Goiak esan duenez, kontuan hartu dute auzokideek eta beste herri eragile batzuek proiektuaren kontrako iritzia zutela.

Goiaren hitzetan, «aparkalekua eta merkataritza gunea 2014an ontzat hartu ziren arren, eszenatokia aldatu egin da, eta gizarteak, 2025ean, jadanik ez du begi onez ikusten». Proiektuak zenbait gizarte eragilerengan piztu dituen aurkako jarrerei buruz, zera esan du: «Entzuten dut, badakit entzuten, eta arduraz jokatzen ari garela uste dut».

San Bartolome eremuko egitasmoak gauzatzeko San Bartolome Muinoa SA sozietate publiko-pribatua eratu zuten. Udalak %37ko partaidetza dauka bertan. Beste ordezkariak dira Espainiako Polizia (eremu horretan egon zen kuartel inguruko lursailen jabea da) eta zenbait eraikuntza enpresa. Lursaila erosi duen sozietatea —Midfield Capital SM— «zailtasunak izaten ari zen ezarritako baldintzetan egiteko», jakinarazi du Goiak. «Arazo ekonomikoa hor dago, hamabi milioi euroko aktibo bat galduko dutelako», eta horri heldu beharko diotela berretsi du. Aurreratu duenez, egitasmo horiei dagokien kontratua deuseztatzeak ondorio ekonomikoak izango ditu.

Donostiako alkateak adierazi du kontratua bertan behera uzteko akordio bat egitea dela lehen aukera, eta prest dagoela sozietatearen parte diren enpresa pribatuekin kalte ordaina adosteko. Bigarren aukera izango litzateke auzitegira jotzea, baina horrek kontua luzatzea ekarriko lukeela ohartarazi du. Edonola ere, hiriaren ikuspuntutik proiektua bertan behera geratzea ona dela esan du Goiak.

2008koa da San Bartolome eremua biziberritzeko planteamendua. Orduan aurreikusitako garapenak estropezu egin zuen krisialdi ekonomikoarekin. Aurreikusita zeuden etxebizitzen salmenta prezioa nabarmen jaitsi zen, eta horrek zalantzan jarri zuen proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Horri aurre egin nahian, orduko udal gobernuak aldaketa bat txertatu zuen 2014an. EH Bildu zegoen orduan gobernuan. Prozesua Juan Karlos Izagirre alkatearen proposamenarekin abiatu bazen ere, Goia alkate zela onartu zuten plana. Horren haritik, San Bartolome auzoko plan berezia sortu zen 2023an, Goiaren agintaldian.

Aurkakotasun handia

Proiektu horrekin ados ez daudela adierazi dute zenbait elkartek. Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak udal alegazioak jarri zituen 2021eko otsailean, baina auzitara jotzea erabaki zuten azkenean: 2023ko apirilean, hain zuzen, helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Aldi berean, Bagera Donostiako merkatarien elkarteak eta Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteek idazki bat sinatu zuten proiektuaren aurka, eta sententziaren esperoan daude orain.

Bestalde, Odon Elorza Donostiako alkate ohia eta haren agintaldiko Hirigintza zinegotzi Jorge Letamendiak helegitea aurkeztu zuten udaletxean orain lau hilabete, merkataritza gunea eta aparkalekua eraikitzeko baimena ematen duen lizentziaren aurka. Gobernu batzordeak atzera bota zuen helegitea. Eneko Goia alkateak iazko irailean onartu zuen San Bartolomeko merkataritza gunea eraikitzeko lizentzia.

«Hau ez da sekula izan EH bilduren proiektua»

Juan Karlos Izagirre alkate ohiaren hitzetan, proiektua ez egiteko erabakia «berri ona da donostiarrentzat». Dena dela, argitu duenez, planaren aldaketa EH Bildu gobernuan zegoela onartu bazen ere, «hau ez da sekula izan EH Bilduren proiektua». Izagirrek esan duenez, aurreko gobernutik etorri zitzaien egoera larri bat kudeatu behar izan zuten. «2011n ikusi genuen sozietatea porrot egiteko arriskuan zegoela, eta udalak abal gisa jarritako 100 milioi euroak arriskuan zeudela». Orduan hitz egin zuten auzokideekin, merkataritza elkarteekin eta oposizioko alderdiekin, eta udalbatzarrak aho batez onartu zuen HAPOren aldaketa. «Erabilera tertziarioa onartu genuen, eta merkataritzarako erabilera mugatua proposatu genuen, beste erabilera batzuk ere aurreikusten zirelako, baina merkataritza zentro handi bat egitearena ez da gure erabakia izan», gogorarazi du. Izan ere, azaldu duenez, udalak planaren behin betiko onarpena egin zuenean, «saiatu ginen merkataritza gunea mugatzen», baina proposamenak ez zuen lortu behar adinako botorik, eta EH Bilduk ez zuen udal gobernuaren plana babestu.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.