«Berdintasun politikak diseinatu eta ezarri behar dituen zinegotzi batek argi izan behar du zer den indarkeria matxista; ezin ditu bere egin eskuin muturreko tesi negazionistak». Iruñeko oposizioko alderdiek estu hartu zuten atzo Carlos Salvador (UPN), urriaren 5eko osoko bilkuran egin zituen adierazpenengatik. «Indarkeria matxista ukatu» zuela iritzita, haren kontrako gaitzespen adierazpena onartu zuten EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa udal taldeek, udalbatzan gehiengoa dutela baliaturik. Salvador kargutik kentzeko ere eskatu zioten Cristina Ibarrola alkateari. Adierazpenaren kontra bozkatu zuten UPNk eta PPk.
PSNko Nuria Medina izan zen hitza hartzen lehena. Oposizioak aurkeztutako adierazpenaren zioak azaldu zituen, eta gogoratu zuen indarkeria matxista dela «emakumeen artean heriotza goiztiarren lehen arrazoia». Horregatik, ezinbestekotzat jo zuen horren oinarrian dauden «jarrera matxistak» identifikatzea, haren aurkako politika eraginkorrak diseinatzeko: «Hori da arazoa, Salvador jauna, zuk ez duzula halakorik egiten, indarkeria matxistaz hitz egitean posizio negazionistetan kokatzen baitzara».
Antzeko argudioak eman zituen EH Bilduko Zaloa Basabek. Haren irudiko, «feminismoaren diskurtsoa barregarri utzi nahi izan zuen» Salvadorrek, «genetikari buruzko tesiak» aipatuz. «Adjektibo oro kenduta eta indarkeriak generorik ez duela esanda, testuingurua kentzen diozu indarkeria matxistari; are: ukatu egiten duzu».
Geroa Bairen izenean, «esandakoak zuzentzeko» eskatu zion Mikel Armendarizek Berdintasun zinegotziari: «Hori esan zenuenean lagunekin tabernan izan bazina, tira, baina udalean zaude, Berdintasun Saileko arduradun lanetan». Zurekin Nafarroa koalizioko Txema Mauleon harago joan zen, eta Salvador kargutik kentzeko eskatu zion Ibarrola alkateari: «Badituzue UPNn pertsona prestatuagoak eta egokiagoak berdintasun arloaz arduratzeko».
Oposizioko taldeen artean, PPko Carmen Alba izan zen UPNko zinegotziari babesa adierazi zion bakarra. Haren esanetan, Salvadorren hitzak «egokiak ala desegokiak» izan litezke, eta «kritika politikoa» egiten ahal zaie, «baina ez dute merezi gaitzespen adierazpen bat».
Negazionismoan tinko
Iragan asteko osoko bilkuran esanikoak zuzendu ez, eta bereari eutsi zion Salvadorrek. Esan zuen berak ez duela inoiz «emakumeen kontrako indarkeria» ukatu, baina ez zuen behin ere indarkeria matxista kontzeptua erabili, eta «beste indarkeria mota askorekin batera» aipatu zuen: «Nik indarkeria mota oro gaitzesten dut, eta indarkeria justifikatzen duten diskurtso fanatikoen aurka hitz egin izan dut; adierazpen hau aurkeztu dutenetako batzuek ezin dute gauza bera esan».
Are: Berdintasun zinegotziaren ustez, oposizioaren jokabidea da «inkisitoriala eta dogmatikoa» dena: «Zuek bezala pentsatzen ez duen edozein hereje bat da. Ez ezazue nire pentsamendua zentsuratu». PSNko Medinak erantzun zion: «Zure pentsamoldea kritikatuko dugu, emakumeoi eragiten digun heinean; adibidez, abortatu nahi zuten andreei fetuaren argazki bat erakustea proposatu zenuenean bezala».
Salvadorren jokabidea arbuiatu dute, «indarkeria matxista ukatzeagatik»
Iruñeko Berdintasun zinegotzia kargutik kentzea exijitu dute UPN eta PP ez beste talde guztiek. Salvador: «Indarkeria oro gaitzesten dut nik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu