San Salvadorko instrukzio epaitegi batek hartu du erabakia: 11 lagun auzipetu ditu Ignacio Ellakuria euskal herritarraren eta beste zazpi lagunen hilketan parte hartu zutelakoan. Akusatuen artean dago Alfredo Cristiani El Salvadorko presidente ohia (1989-1994). Akusatuei hilketa, iruzurra eta gertatutakoa ezkutatzen ahalegindu izana egozten dietela azaldu zuen defentsako abokatuetako batek, Gabriel Solorzanok joan den astean, epaiketaren aurreko saioan.
Akusatuetako bost, Cristiani bera tartean, ihes eginda daude, eta haiek atxilotzeko agindu du epaitegiak. Baldintzapean aske utzi zituzten auzipetuetako beste sei. Solorzanok zehaztu zuen «errespetatu» egingo dutela epailearen erabakia, nahiz eta uste izan epaiketa egiteko baldintzak ez direla «egokiak».
Auzitegiak, bestalde, ez du baztertu hilketak gizateriaren aurkako krimentzat jotzeko aukera, izan ere, erabakian jasotzen denez, gizarte zibilaren aurkako krimen bat izan zen 1989koa, hildakoetatik inor ez zelako ez gerrillako ez armadako kide, eta hil zituzten unean ez zutelako armarik.
1989ko azaroaren 16an gertatu zen: Atlacalt batailoiko kideak Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu ziren, eta sei apaiz jesuita, Julia Elba Ramos unibertsitateko langilea eta haren alaba Celina Ramos hil zituzten. Ellakuria unibertsitate hartako errektorea zen, Askatasunaren Teologiaren ideologorik garrantzitsuenetakoa.
2016an, El Salvadorko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen 1993an onartutako amnistia legea, eta, hala, auzia berriz zabaldu zuten 2018an. San Salvadorko Hirugarren Bake Epaitegiak eman zuen agindua, fiskaltzaren eskaria entzun ostean. Fiskaltzak 2017an aurkeztu zuen hilketen «egile intelektualen» aurkako auzia berriz zabaltzeko eskaera. Defentsak, ordea, aurka egin zuen, argudiatuta kasua epaitua zegoela eta ez zegoela «auzia zabaltzeko ekintzarik».
Defentsak zenbait helegite aurkeztu zituenez gero, hainbat urtez atzeratu zen hilketen inguruko ikerketa, eta, 2020an, Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak artxibatu egin zuen prozedura. Konstituzionalak, ordea, berriz irekitzeko agindu zuen duela bi urte.
Hilketak gertatu zirenean, Cristiani armadaburua zen (urte hartako azaroaren 22an hartu zuen presidente kargua), eta, akusazioaren arabera, bazuen militarren asmoen berri. Presidente ohiak, ordea, beti esan izan du hilketen ostean soilik jakin zuela zer gertatu zen. Fiskaltzak azaldu duenez, ordea, AEBetako informazio zerbitzuen dokumentuetan jasota dago militarrek erabakia hartu zutenean presidenteari jakinarazi ziotela.
Bi zigortu
Gaur arte soilik bi lagun zigortu dituzte 1989ko sarraskian parte hartzeagatik. San Salvadorko epaitegiek 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Guillermo Benavides militarrari. 2020an, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak 133 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Inocente Montanori, garai hartan Segurtasun ministrorde zenari. Epaiketan, Montanok ukatu egin zituen bere aurkako salaketak, eta esan zuen «aginduak bete» zituztela.
Ellakuriaren eta beste lau jesuiten hilketa El Salvadorko gerra zibil betean gertatu zen. Portugaleten (Bizkaia) jaiotako jesuita Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektorea zen hil zutenean, eta gatazkari irtenbidea emateko bitartekari lanak egiten ari zen FMLNren eta gobernuaren artean.
1980ko urteen hasieran, El Salvadorko gerrillari mugimendua indartsu zegoen, Nazio Askapenerako Faranbundo Marti Frontearen (FMLN) eta Fronte Demokratiko Iraultzailearen (FDR) bitartez. Ellakuriak harreman berezia zuen FMLNko komandante Joaquin Villalobosekin, ikasle izan baitzuen, eta harremana zuen gobernuarekin ere, bitartekari lanak egiten zituelako. Ez batak ez besteak ez zuela herria ordezkatzen uste zuen Ellakuriak, eta bi aldeei elkarrekin hitz egitea eskatu zien maiz.
Gerra giro horretan, El Salvadorko militarren eta eskuin muturreko kideen ustez, jesuitak «nazioarteko konspirazio komunista batean» parte hartzen ari ziren. Areago, uste zuten lanean ari zirela herritarrek konspirazio horretan parte har zezaten. Hilketa hori gertatu aurretik, jesuiten aurkako eraso ugari izan ziren El Salvadorren. 1980 eta 1992 bitartean izandako gerra zibilean, gutxi gorabehera 80.000 lagun hil eta 8.000 inguru desagerrarazi zituzten.