La Salle kongregazioko kide Patxi Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen joan den astean Marisol Zamorak —abusuak gertatu ziren garaian Ezkiagarekin harremana zuen familiak, nahiz eta emakumea ez zen La Salleko ikaslea—. Ezkiaga urte luzez aritu zen irakasle Donostiako Loiola auzoko ikastetxean, eta Isabel Llauger La Salleko harreman instituzionalen arduradunarekin hitz egin du BERRIAk. Jazotakoa gaitzetsi eta barkamena eskatu du, ez zutelako asmatu «erakundearen zaintzapean zeuden pertsonak babesten».
Halaber, barne ikerketa bat abiatu du kongregazioak, eta sexu abusuak jasan zituztenei eskatu die jo dezatela haiengana, gertatutakoa ikertzeko: «Jakin nahi dugu abusuak jasan zituzten lagun gehiago ote dauden; arazoa da pertsona horiek ez direla gurekin harremanetan jarri».
Kongregazioak argitu duenez, badute informazioa, baina «kanpotik» iritsitakoa da. «Badakigu ikasle ohiek osatutako Whatsapp talde bat dagoela, eta bertan esaten ari direla hori errealitate bat zela. Baina gurekin ez da inor harremanetan jarri».
Horiek horrela, abusuak jasan zituztenei eskatu die haiekin harremanetan jartzeko: «Nahi badute, behintzat, konta diezagutela. Babesa eman eta barkamena eskatu nahi diegu». Zamorarekin ere bilduko dira.
Hala ere, oraingoz, informazioa biltzen saiatzen ari diren arren, ez dakite «ezer asko»: «Lagundu nahi dugu, baina ez dakigu nola. Erakundea biktima guztien alde dago. Zoritxarrez, ezin dugu iragana zuzendu, baina orainean jardun dezakegu».
Protokoloa, martxan
Gertatutakoa jakin bezain laster protokoloa martxan jarri zuela azaldu du La Sallek, eta argitu du informazio guztia fiskaltzaren esku jarri duela, nahiz eta jakin kasua «preskribatuta» dagoela.
Kongregazioaren arabera, gaur egun duten protokoloarekin «azkar eta ondo» erantzuten dute; hortaz, lasaitasun mezua eman nahi izan du. «Informazio bat dagoen momentuan aplikatzen da protokoloa, eta horren arabera jokatzen da. Baina horrek ez du zuzentzen iraganean gertatutakoa. Orduan ez zen ikasleen segurtasuna zaindu».
Horrez gain, La Sallek eskutitz bat bidali die ikastetxearen parte diren familiei, haien kolaborazioa eskatu eta prozeduraren berri emateko.