Zazpi pertsona atxilotu zituzten Iruñean ekainaren 12an, giza trafikoa egotzita; denak nigeriarrak. Herrialde hartatik ekartzen zituzten andreak, baldintza ankerretan. Europara heldutakoan, prostituitzera behartzen zituzten. Saharatik hegoaldeko emakumeen sexu esplotaziorako salerosketa sareen ohiko jarduna da; izan ere, Euskal Herria nigeriar emakumeen banaketa gune bihurtu da azken urteotan —batez ere, Bilbo—, CEAR Euskadi errefuxiatuen laguntzarako batzordearen txosten batek berriki agerian utzi duenez. 2016an, sexu esplotaziorako biktima izatearen zantzuak zituzten 40 emakume artatu zituen elkarteak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Gaur egun, bertan esplotatzen dituzten andre gehienak nigeriarrak dira, errumaniarrekin batera. Nigeriarren kasuan, gazteak dira gehienak, 23 eta 27 urte bitartekoak. Halere, gero eta adingabe gehiago esplotatzen dituztela ohartarazi du CEARek. Elkartearen arabera, bereziki «bortitza» da nigeriar andreon egoera.
Mugak itxi eta militarizatu izanaren ondorio bat dela uste du Veronica Alvarez txostengileetako batek. «Mugen politika gogortu den heinean, bide okerragoetara jotzea besterik ez daukate. Pertsona batek bere sorterria utzi behar duenean, arrazoiak arrazoi, eta Europara bide legezko eta seguruetatik iristerik ez badauka, enbaxadara hurbildu eta bisa lortzeko aukerarik ez badauka, zer beste aukera dauka?».
CEARen arabera, erakundeen ardura nagusia da pertsonen salerosketa eta trafiko sareak desegitea, baina, era berean, mugako kontrolak sendotu dituzte. «Horrek, hain zuzen, sareak finkatzea eta irabazi are handiagoak ateratzea dakar».
Andreek sorterria uzteko arrazoien artean daude pobrezia, eta bizimodua hobetzen saiatu nahi izatea, baita genero jazarpena ere: behartutako ezkontza, ablazioa, lesbiana eta transexualen aurkako bortizkeria... «Hainbeste indarkeria jasotzeko eta basamortuan edo itsasoan hiltzeko arriskuan jartzen dira, beste aukerarik ez dutelako», esan du Alvarezek. Urteak behar izaten dituzte Afrika erdia zeharkatzeko. Bi bide nagusi erabiltzen dituzte: Marokokoa eta Libiakoa. Mugen politika «gogortzearekin» batera hasi dira bigarrena baliatzen: Marokokoa baino «arriskutsuagoa».
Basamortuak igaro, mugak gainditu, eta, kostaldera iristea lortuz gero, itsasoa zeharkatu. Bide «benetan» zaila da emakumeentzat, egoera gogor horri indarkeria eta bortxa arriskua gehitzen baitzaizkio. Horregatik, ez da zaila sexu esplotaziorako salerosketa sareen eskuetan erortzea. Jatorrizko herrian bertan gerta daiteke, edo bidaian zehar, eta, batzuetan, senideren edo ezagunen bat ere tartean izaten da.
«Bidaiarako senarra»
CEARen txostenean azaltzen denez, iruzur bidez bereganatzen dituzte andreak sorterrian. Europara iristeko modu bat eskaintzen diete, «dirutzaren» truke, zerbitzatzen lan egiteko. Helmugara iritsitakoan esaten diete prostituzioan jardun behar direla, bidaiarekin sortutako zorra kitatzeko. Batzuetan, andreak hegazkinez ekartzen dituzte, «salgaia» zaindu nahi dutenean; baina gutxienetan izaten da.
Halere, batzuetan andreak nolabait jakinaren gainean daude. Europara prostituzioan aritzera joateko «aukera» aipatzen diete. «Baina ez dakite zer baldintzatan edukiko dituzten. Ez dira sexu-langile izango, salerosketaren biktima baizik, eta esplotatuta edukiko dituzte, giltzapetuta, askatasun oroz gabetuta», salatu du txostenak. «Indarkeria zuzen, mehatxu edo bahiketa» bidez ere bereganatzen dituzte andreak. Senideei min egingo dietela edo buduaren bitartez mehatxu egiten diete, buduaren oso sinestunak baitira asko.
Bidaia bera hain gogorra eta arriskutsua izaki, denek ez dute lortzen bizirik irautea. Bakarrik bidaiatzen duten emakumeentzat bereziki zaila denez, hainbat estrategia erabili behar izaten dituzte. Horietako bat da «bidaiarako senar» batek laguntzea: andrea Afrika iparraldera eramateaz arduratuko da gizon hori, eta beste gizonen erasoetatik babestuko du. Emakumeak zerbitzari lanak eginez edo sexu zerbitzuak emanez ordainduko dio, baita diruz ere. Gerta daiteke gizon hori salerosketa sarearen barruan egotea. «Senarrik» gabe ere bidaiatzen dute andre batzuek, baina bidaiatzeko dirua lortzeko, prostituziora jo behar izaten dute zenbaitetan.
CEAR Euskadi elkarteak arreta ematen die errefuxiatuei eta migratzaileei, eta, batzuetan, sexu esplotaziorako salerosketaren biktima izatearen zantzuak dauzkaten emakumeak ere atzematen dituzte. Asiloa nola eskatu galdetzera hurbiltzen zaizkie, sorterrira itzuliz gero euren bizia arriskuan egongo dela argudiatuta.
Baina 2009ko asilo legearen bitartez, sexu esplotaziorako salerosketaren biktimek nazioarteko babesa ere jaso dezakete. Halere, Veronica Alvarezek dioenez, «oso zaila da emakumeek ezer aitortzea, urteetako abusuen eta engainuen ostean, ez baitira inorekin fio». Nigeriar andreen kasuan, «antzeko» kontakizunak egiten dituzte; horrela ohartzen dira elkartekoak haien egoeraz.
Asilo tramiteak egiteko, berriz, Espainiako Poliziarengana jo behar dute. Poliziek ere antzeman ditzakete zantzu berdinak, eta, horrela bada, nazioarteko babesa eskaini behar diete. «Oso garrantzitsua da zantzu horiek jasotzea asilo eskaeraren txostenean, Madrilen erabakitzen dutelako asiloa emango dieten edo ez», azaldu du Patricia Barcena CEAR Euskadiko zuzendariak. Hau da, txostenean jasotzen badute andre hori sexu esplotazioaren biktima izan daitekeela, asiloa eskuratzeko aukera gehiago izango du. Barcenaren aburuz, arazoa da asilo eta nazioarteko babes eskaerak bide desberdinetatik bideratzen direla: «Datuak gurutzatzen ez badituzte, nekez jakingo dute asiloa eskatu duena sexu esplotazioaren biktima dela, eta, agian, ez diote asilo estatutua emango».
Ertzaintzak ere antzeko prozedura jarraitzen du: emakume bat biktima gisa identifikatzen badute, eta paperik ez badu, babesa eskaintzen diote, eta, gutxienez, 90 eguneko epea —legeak ezartzen du— ematen diote delitua ikertzen lagundu «nahi» duen erabakitzeko. «Epe horretan ez da abiatuko zigor espedienterik bere egoera irregularrari buruz, eta, abian jarri bada, eten egingo da. Aldi baterako egonaldia baimenduko zaio, eta haren segurtasuna zainduko da», jakinarazi dute Ertzaintzako iturriek. Salerosketa sare bat desegiten dutenean ere neurri horiek hartzen dituzte esplotatutako emakumeekin.
CEARen arabera, baina, «oso zaila» da nazioarteko babesa lortzea. «Ez zaie errefuxiatu izaera aitortzen, baina sexu esplotazioagatik jasotzen da genero arrazoiengatiko babes eskaera gehien. Orain gutxira arte, Espainiak sistematikoki ukatu ditu babesak». 2015. urtea baino lehen, nazioarteko babeserako lau estatutu eman zituen. 2016ko azken lauhilekoan, berriz, kopuru hori nabarmen igo zen: hemeretzi emakumeri eman zieten. «Ikusteko dago norabide berean jarraituko duten», esan du Barcenak.
Aliantza feminista
Baina zer gertatzen da «askatutako» emakumeekin? Espainiako Poliziaren Bilboko Atzerritartasun eta Mugen Brigadako iturrien arabera, nork bere bidea hartzen du. Ez da bide erraza, baliabiderik gabe geratzen baitira: ez daukate dirurik, eta ez dituzte ezagutzen bertako hizkuntzak. «Batzuek esplotazio sarearekin apurtzea lortzen dute, baina ahalegin handiekin».
Halere, Patricia Barcena baikorra da: «Andre horiek badaukate irauteko eta sare horietatik ateratzeko gaitasuna, betiere, laguntza eta babesa baldin badute, eta salerosketa desagerrarazteko asmorik baldin badago. Izan ere, sistema ekonomiko patriarkalak ahalbidetzen du negozio hori». Hari aurre egiteko, besteak beste, «aliantza feminista» indartu beharra nabarmendu du CEAReko zuzendariak: «Emakume horien ahalmena aitortu eta goratu behar da, indar eta erresilientzia erakusle baitira».
Salerosketatik atera ondoren
Andreak, nigeriarrak eta gazteak. Urteak behar izan dituzte Afrika zeharkatzeko eta Europara iristeko. Gutxik lortu dute helburua, eta batzuk sexu esplotaziorako salerosketa sareen eskuetan erori dira, halabeharrez. Bilbo andreon banaketa gune bihurtu dute sareek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu