Salburuko hezeguneetan kumeak izan ditu mokozabal bikote batek, Euskal Herrian lehen aldiz

Betoñuko urmaelean bi mokozabal txita topatu dituzte. Gasteizko Udalaren arabera, albiste «bikaina» da, Salburuaren ingurumen kalitate ona frogatzen duelako. Alabaina, ez da ohikoa mokozabalak garai honetan ugaltzea.

Errun duen mokozabal bat. Zango luzeak, lumaje zuria eta moko luzea, zabala eta lautua ditu. GASTEIZKO UDALA
Errun duen mokozabal bat. Zango luzeak, lumaje zuria eta moko luzea, zabala eta lautua ditu. GASTEIZKO UDALA
Kerman Garralda
Gasteiz
2024ko urriaren 19a
15:47
Entzun

Betoñuko urmaeleko erdiko sahastian gertatu da mokozabalen lehen ugalketa Euskal Herrian. Hala jakinarazi du gaur Gasteizko Udalak. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko presidente Borja Rodriguezek kontatu dutenez, irailaren amaieran, uretako apoarmatuen laginketa lanetan ari zirela, hegazti zangaluze mehatxuenetakoa den mokozabal arruntaren bi txita aurkitu zituzten; hurrengo egunetan, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikariak material optiko egokiz hornituta joan ziren aurkikuntza baieztatzeko, eta «ordurako gorputz osoa lumaz betea baina artean hegan egiteko gauza ez ziren bi txita» identifikatu zituzten. Txitak elikatzera habiara joaten ziren ale helduek ez zuten identifikazio uztairik. «Horrenbestez, ezin dugu jakin nondik iritsi diren gurera», esan du Rodriguezek.

Albiste «bikaina» da mokozabala Arabako lurretan espezie habiagile gisa finkatzea Rodriguezen arabera, «agerian uzten baitu Salburuaren ingurumen kalitatea». Adituak zehaztu du mokozabalak «oso zorrotzak» direla habiak non kokatu aukeratzeko orduan, eta «ondo zaindutako eta giza perturbazio gutxiko» tokiak hobesten dituztela.

Mokozabal bikotea, habia babesten
Mokozabal bikotea, habia babesten. GASTEIZKO UDALA

Detektatutako habia hainbat koartza espezieren kolonia misto batean dago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ugaltze nukleorik «garrantzitsuena» denez, ohiko ugaltze garaian «zorrotz» behatzen da. Alabaina, ez da ohikoa mokozabalak garai honetan ugaltzea, eta horrek galarazi egin du orain arte habia detektatzea.

Arrautzak erruten direnetik txitek habia uzten duten arte bi hilabete eta erdi igarotzen dira. Zehatzago esanda, 25 inkubazio egun eta 50 hazkuntza egun. Kontuan hartuta Salburuko txitak irailaren amaieran detektatu zirela eta artean egun batzuk geratzen zitzaizkiela hegan egiten hasteko, kalkulatu dute mokozabal bikoteak uztaileko azken astearen inguruan egingo zuela habia. Data horiek urrundu egiten dira espeziearen ugalketa jokamolde ohikotik, apiriletik maiatzera bitartean paratzen ohi baitira habietan. «Ez dakigu zergatik gertatu den atzerapena»

«Kontserbazio interes handiko espeziea»

Mokozabala ur inguruneei «hertsiki» lotutako espeziea da. Hezeguneak munduko ekosistema mehatxatuenetako bat dira, eta, oro har, oso kontserbazio egoera txarrean daude. Horregatik, mokozabalen Europako populazioak urriak dira, eta elkarrengandik sakabanatuta daude. Ondorioz, galzoriko espezietzat jotzen dira kontinente osoan. Horregatik, babes zorrotza du mokozabalak Europa osoan, eta espezie kaltebera gisa sailkatuta ageri da Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.

Mokozabala espezie enblematikoa da euskal hezeguneetan. Urdaibaiko eta Txingudiko estuarioetan eta, neurri txikiagoan, Salburuan bertan biltzen diren ale migratzaileen kontzentrazioak nabarmentzen dira. Iberiar penintsulak 1.400 bikote ugaltzaile inguru direla kalkulatzen da. Herbehereetan eta Frantzian ere topatu daiteke espezie hori. 3.600 bikote daude identifikatuta.

Mokozabala hegazti zangaluze handi bat da, zuria oro har. Haren ezaugarririk deigarriena mokoa da, luzea, zabala eta muturrean lautua baitu, espatula itxurakoa. Kumeek, hazteko garaian, kolore horixka izaten dute bularraldean, eta luma motots bat garondoan. Ale gazteek, Salburuan atzemandakoek adibidez, ez dituzte ezaugarri horiek: lumaje erabat zuria dute, hegalen muturrak beltzak, eta mokoa eta zangoak arrosak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.