Salbuespenezko espetxe politika eteteko eskatu du Kalera Kalera-k

Milaka pertsona batu dira Iruñean eginiko manifestaziora. Araban, Zaballako espetxeko presoei babesa adierazteko martxa egin dute

Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Sakabanaketa, eskubideen ukazioa, zigorren luzapena... Espainiak presoen kontra «era sistematikoan» aplikatzen dituen neurri zigortzaileak errotik erauzteko eskatu du Kalera Kalera dinamikak, Iruñean eta Zaballako espetxearen inguruan (Araba) eginiko protestetan.

Iruñean, milaka lagun batu ziren atzo Sortu, LAB eta Ernai erakundeek eginiko deialdira, eta manifestazio jendetsua egin zuten autobus geltoki zaharretik abiatuta, Udaletxe plazaraino. Manifestariak hiru zutabetan banatuta heldu ziren geltokira: Askatasuna izeneko zutabea Barañaindik abiatu zen; Elkartasuna izenekoa, berriz, Atarrabiatik; eta Duintasuna zutabea, azkenik, Arrotxapeko gaztetxetik. Hiru taldeak geltokian bat eginik, Udaletxe plazarako bidea hartu zuen manifestazio jendetsuak, Presoak kalera lelopean.

Nafarroako bandera erraldoi bat zeraman gazte talde bat jarri zen protestaren buruan, aitzindari; horien atzetik, presoen senideak, ilaran; eta, azkenik, manifestazioa bera, milaka herritarrez osatua. Nafarroa Behereko etorbidean gora, Merindadeen plazaraino heldu ziren manifestariak; han, Karlos III.aren etorbidean sartu, eta, Gazteluko plaza zeharkatuta, Alde Zaharreraino iritsi ziren. Txapitela eta Mercaderes karriketan aditu ziren ozenen «presoak etxera, amnistia osoa!» eta «euskal presoak etxera» oihuak.

Udaletxe plaza lepo beteta, manifestazioaren antolatzaileek «besarkadarik sentituena» helarazi zieten presoei eta haien senideei. Itxaso Torregrosa eta Iker Araguas preso ohiek hartu zuten hitza, dinamikaren izenean. Gogora ekarri zuten Euskal Herriko 264 preso daudela Espainiako eta Frantziako espetxeetan sakabanatuta, «salbuespenezko espetxe politika baten menpe», eta PSOEri leporatu zioten Espainiako Gobernura iritsi zenetik ez duela egin politika hori aldarazteko urratsik batere. «Iragarritako espetxe politikaren aldaketa ez da neurri zehatzetan atzeman. Kosmetika hutsa izan da», esan zuen Torregrosak.

Aitzitik, salbuespen neurriek bere horretan segitzen dutela gaineratu zuen: «Sakabanaketa, lehen graduaren mantentze sistematikoa, preso gaixoen eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenen askatasunaren ukazioa eta zigorrak luzatzeko egindako arkitektura juridikoa, besteak beste». Egoera politiko berriak, ezinbestean, «espetxe politika ezberdin bat» ekarri beharko lukeela azpimarratu zuten Kalera Kalera dinamikako ordezkariek. «Orain da momentua. Presoek espetxeak utzi eta etxera itzuli behar dute. Hori gertatzen ez den bitartean, ezingo dugu inolaz ere normalizazio politikoaz hitz egin». Bukatzeko, heldu den urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan Orain presoak lelopean egitekoak diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

«Berotasuna», Zaballaraino

Iruñean ez ezik, Zaballako espetxearen ingurumarietan ere entzun zen presoen aldeko aldarria. Izan ere, Kalera Kalera-k espetxeetara egingo dituen martxetan lehena egin zuen atzo, Subilla Gasteiztik Zaballako espetxearen ondoko tontor batera. Dozenaka lagun bildu ziren hara, eta «berotasuna» eta «maitasuna» helarazi zieten kartzela horretan preso daudenei. Iruñeko manifestazioan bezala, «salbuespen neurriak» indargabetzeko eskatu zuten Zaballara joan zirenek. Han preso daude, besteak beste, larri gaixo dagoen Txus Martin eta Altsasuko auzian zigortutako zazpi gazteak. Abenduaren 30eanMartuteneko espetxera (Donostia, Gipuzkoa) egingo dute martxa, eta 31n, Basaurikora (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.