Euskal presoak

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko garaia dela aldarrikatu du Sarek

Donostian manifestazio bat egin dute, eta bereziki gaitzetsi dute gaixorik dauden presoen, zaharrenen, emakumeen eta guraso direnen egoera

Sareren manifestazioaren momentu bat, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abuztuaren 21a
23:06
Entzun

Donostian festarik ez, baina, urtero legez, euskal presoen aldeko aldarrikapenek kaleak hartu zituzten atzo ere. Izan ere, Sare Herritarrak antolatutako manifestazioarekin bat egin zuten ehunka herritarrek. Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelopean, besteak beste, salbuespenezko espetxe politika bukatzea eta larri gaixo diren presoak askatzea eskatu zuten.

Egindako lanaren fruituak jasotzen ari direla nabarmendu zuen Inaxio Oiarzabal Sareren bozeramaileak manifestazioa hasi aurretik: «Azken urteetako aktibazioari, kontsentsuari eta kalean egin den lanari esker iruditzen zaigu azken hilabeteotan egin diren pausoak iritsi direla: atzean utzi ditugu lehen graduak, bakartzea eta urrutien dauden kartzelak». Halere, presoak etxeratzeko asko falta dela esan zuen, eta jendearen babesa eskatu: «Bide hori egin nahi badugu, aktibo jarraitu behar dugu, denok kalean elkarrekin jarraitu behar dugu, orain arteko bidetik lan egin behar dugu».

Ibilian-ibilian, Artzain Onaren katedraletik kairainoko bidea egin zuten, Porrotxek eta motxiladun haurrek gidatuta. Bidean, pentsiodunak batu zitzaizkien, presorik zaharrenak askatzeko eskatuz; osasun langileak, gaixo daudenekin gogoratuz; mugimendu feministako kideak, emakume presoek bizi duten «zigor bikoitza» salatuz... Hainbat gazte eta Donostiako piratetako kideak ere bertan izan ziren.

Eta amaieran, kaira iristean, bertsoz pausoak egiten jarraitzeko garaia dela aldarrikatu zuten piratek: «Bidea oinez egiten bada/ behar da jardun/ pauso txikiak urrutirago/garamatzala demagun/ itsasoraino heldu gaitezen/ sarea josi dezagun».

Amaierako irakurketan, oraingoa «etapa berri baten hasiera» dela nabarmendu zuten Oiarzabal eta Nahikari Iturbe Sareko kideek. Bi aldarri nagusi helarazi zituzten: euskal preso guztien Euskal Herriratzea eta graduen progresioa. Datozen hilabeteetan urratu beharreko bidea ildo horretatik doala uste dute. «Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politika amaitzera goazela esaten ari gara».

Askatzeko korapilo ugari

Salbuespen legediak hainbat ertz dituela ohartarazi zuten. Eta urratsak egin direla onartu arren, oraindik espetxe politikan hainbat korapilo askatzeko daudela iruditzen zaie. Lehenik, larriki gaixo dauden hemeretzi euskal presoei begira jarri ziren, eta argi mintzatu, heriotza gehiago egon ez daitezen, etxean egon behar dutela esanez. Preso diren 29 emakumeei ere erreparatu zieten, eta haien urrunketa eta bakartzea gaitzetsi.

Euskal presoen seme-alabek bizi duten egoerari dagokionez, COVID-19ak lehengoa okertu duela uste dute: «COVID egoerak ez du samurtzen lagundu; kontrara, kontaktua ere etetea ekarri du haur batzuen kasuen urte eta erdi luzez». Gogora ekarri zituzten presorik zaharrenak ere. Horrez gain, 7/2003 legea bertan behera geratzeko eskatu zuten. Azkenik, herritarrak deitu zituzten urriaren 23an Donostian egingo duten manifestazioarekin bat egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.