«Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko» eskatu dute dozenaka mila herritarrek Bilboko kaleetan

Bilboko kaleak bete dituzte herritarrek, Sare Herritarrak ‘Konponbiderako giltzak’ lelopean antolatutako manifestazioarekin bat eginda. Presoen auzia konpontzea «indarkerien zikloa ez errepikatzeko bermea» dela uste dute.

Manifestazioak punta batetik bestera hartu du Autonomia kalea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko urtarrilaren 13a
21:53
Entzun

Urtero bezala, aurten ere milaka lagunek bat egin dute Sare Herritarrak Bilbon antolatutako manifestazioarekin, euskal presoen eskubideen alde. Konponbiderako giltzak izan da aurtengo leloa, eta, horrekin, antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute presoen auzia bideratzeak daukan garrantzia «egiazko bake, elkarbizitza eta konponbidea» lortzeko. Presoen sakabanatze eta urruntze aroa amaituta, «salbuespenezko espetxe politika» amaitzea, eta Espainiako fiskalek eta epaileek presoak etxeratzeko prozesuari jartzen dizkioten oztopoak paretik kentzea galdegin dute gaur Bilboko kaleetan.

Hori nabarmendu dute Sareko eledun Joseba Azkarragak eta Bake Bideko Anaiz Funosasek, manifestazioaren ostean irakurritako agirian: «Presoak Euskal Herriko kartzeletan daude orain. Etapa hori bete dugu. Hurrengo etapa da salbuespen politika erabat amaitzea, euskal presoek etxera bidea egin dezaten ateak zabaltzea».

Azkarragaren eta Funosasen ustez, euskal presoei araudi arrunta aplikatzea ez da «pribilegio» bat, eta «askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea» baino ez dute eskatzen. Horretarako, uste dute Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialei dagokiela «euskal presoak etxera itzultzeko ibilbidea» diseinatzea eta erraztea: «Horrek erabaki politiko ausart eta zuzenak eskatzen ditu».

Gogor kritikatu dituzte fiskaltzan eta Espainiako Auzitegi Nazionalean «irizpide politikoen arabera» jokatzen dutenak, eta «justiziazkoak» albo batera uztea leporatu diete: «Aurrean izango gaituzte, eta segituko dugu behin eta berriz salatzen haien jokabidea».

Biktimak ere gogoan hartu dituzte, «indarkeria guztien biktima guztiak», esan dutenez. Haientzat «errespetua, sostengua, erreparazioa eta elkartasuna» eskatu dute, eta gaitzetsi dituzte «biktimen minaren erabilera politikoa» egiten dutenak: «Gure gizartea plurala da, eta giza eskubideen defentsa du helburu, baina oso garrantzitsua da defentsa hori modu kolektiboan egitea». Txetx Etxeberri eta Beatrice Molle bakegileak apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzte, Parisen, eta haiei ere «agurrik eta babesik beroena» helarazi diete.

Hego Euskal Herriko espetxeetan dauden presoei, oraindik ere Frantziako kartzeletan direnei, deportaturik daudenei eta «munduan sakabanaturik» dauden iheslariei mezu bat bidali diete Azkarragak eta Funosasek: «Lanean jarraituko dugu etxera itzul daitezela lortzeko».

Manifestariei eta herritarrei, berriz, «konponbiderako giltzak» izateko eskatu diete: «Presoen eskubideak aitortzen ez badira, bidegabekeriak iraun, eta arazoak konpondu gabe jarraituko du», esan du Funosasek, eta erantsi du hori lortzeko modurik eraginkorrena «denak eskutik helduta joatea» dela, «edonor dela ere ondoan dagoena». Manifestazioaren antolatzaileen ustez, lan horretan tematzeak ekarriko ditu elkarbizitza, bakea eta preso, iheslari eta deportatu guztien itzulera: «Denon artean egitea beste aukerarik ez dago».

16:00etan hasita

Gaurko manifestazioa Athleticen eta Realaren arteko partidaren egun berean egokitu da, eta horrek hainbat aldaketa ekarri ditu. Esanguratsuena izan da manifestazioaren hasiera ordua aurreratu izana: beste urte batzuetan 17:00etan edo 17:30ean hasi  izan da, eta gaurkoa, berriz, 16:00etan abiatu da Casillatik, deialdiarekin bat egin duten eragileek adierazpenak egin ostean.

Manifestazioaren buruan gaitari talde bat joan da, udaletxerainoko tarte guztian gelditu gabe aritu dena Kalera kalera, Ikusi mendizaleak, Batasuna eta antzeko doinuak jotzen. Horien atzean olana handi bat eraman dute, presoen etxeratzearen aldeko logotipo berriarekin eta Etxera leloarekin.

Molle eta Etxeberri bakegileek, Ramon Agirre eta Itziar Ituño aktoreek, Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohiak, Arantza Isasmendi legelariak, Eztizen Artola senideak, Endika Guarrotxena Athleticeko jokalari ohiak eta beste zenbait jende ezagunek eutsi diote pankartari.

Pankartaren atzean eragileak eta gonbidatuak joan dira, eta horien artean Katalunia, Galizia, Sahara eta beste herrialde batzuetako ordezkariak, eta, segidan, presoen senideak, presoen auziaren konponbidea irudikatzen zuten kartoizko giltza handi batzuk eskuetan. Ohi legez, jendetza bildu da pankartaren atzean eta, batez ere, Autonomia kaleko bi aldeetan, manifestazioa igaro ahala horrekin bat egiteko, Zabalburu plazarainoko tarte osoa betez.

Zabalburura iritsitakoan, adierazpenak egin dituzte Azkarragak eta Bego Atxak Sareren izenean. «Auzitegi Nazionala prebarikaziorako plataforma bezala erabiltzen dutenak salatu nahi ditugu», esan du Azkarragak, eta erantsi du euskal gizarteak «gatazkaren logika» alboratu eta «konponbidearen alde» egiten duela.

Manifestazioaren ibilbide osoan ugariak izan dira Athleticen eta Realaren elastiko edo tapaukak zeramatzatenak. Palestinaren aldeko ikurrak ere ikusgai egon dira, ikurrinekin, Kataluniako eta Galiziako banderekin eta ikur antifaxistekin batera.

Udaletxera iritsitakoan, ekitaldi politikoari ekin diote. Bukaeran, giltzak esku artean hartzeko eskatu die Azkarragak manifestariei. Giltzen txilin hotsak plaza osoa hartu du: «Konponbiderako giltzak hartuta jarrai dezagun bidea egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.