«Salbuespenari zirrikitu oro zarratzeko» manifestazioa egin du Sarek

Martuteneko espetxetik abiatu da martxa bat «salbuespeneko epaitegiek euskal presoen aurka hartutako erabakiak» salatzeko.

Sare. Martutenerako martxa
Gaurko manifestazioa, Martutenen. SARE
xabier martin
2023ko abenduaren 23a
20:35
Entzun

Martuteneko (Donostia) espetxetik igaro den manifestazio bat egin dute gaur, euskal presoen aurkako «salbuespen politikaren amaiera» eskatzeko. Konponbiderako giltza lelopean joan dira manifestariak aurrera. Sarek azaldu du bi hilabete igaro direla Gernikan Konponbiderako giltza manifestua aurkeztu zuenetik, eta ordutik asko izan direla agiri horrek jaso dituen atxikimenduak.

Sarek ohar batean esan duenez, «oraindik ere giltza gehiago izatea» da haren helburua. «Konponbiderako Giltza eta Etxerako Giltza» aldarrikatu ditu berriro. «Ateak zabaltzen» dabil Sare, «beste ate batzuk betiko zarratu ahal izateko». Eskertza ere eman die herritarrei euskal presoen eskubideen aldeko elkarteak: «Gutako bakoitza bere txikitasunetik emandako urrats txiki bakoitza bide egiteko bide izan delako».

Halaber, azpimarratu du urruntze politika amaitu dela,  «baina oraindik behin eta berriz euskal presoek etxerako bidea itxia dutela salatzea» dagokiola. Sarek erantsi duenez, «salbuespenezko legediek eta salbuespenezko epaitegiek giltzarrapo izaten jarraitzen dute». Urratsak egiten jarraitzeko garaia dela dio elkarteak, «konponbidearen eta benetako bake baten aldeko konpromisoa» erakutsita.

Bilboko manifestazioa

Sarek antolaturiko ekintza gehiago izango dira datozen egunetan presoen eskubideak aldarrikatzeko. «Gabonetan ere astinduko ditugu giltzak auzo eta herrietako kaleetan, fabriketan, erakundeetan… eta gaur hemen espetxe atarian». Hala, «giltzen olatu» bihurtu nahi du Sarek Bilbon, urtarrilaren 13rako deitu duen manifestazioan (16:00etan). «Bilboko kaleak konponbiderako, elkarbizitzarako eta etxerako giltzez betetzera», deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.