Salbuespena, argitan

Gipuzkoan izandako salbuespen egoeraz, EHUk eta Aranzadik '1968. Gipuzkoa en estado de excepción' liburua aurkeztu dute Donostian

Liburuaren egileak, atzo, Donostian egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Guztia hasi zen urtea», hala izendatu du Paco Etxeberria Aranzadiko ikerlariak 1968 hura, Gipuzkoan zegoen giro politiko gatazkatsuari erreferentzia eginez. Zerrendatu ditu hori argitzeko gertakariak ere: Donostian ikurrina jartzen saiatu zireneko aldi hura, Guardia Zibilak Aberri Egunera zihoazen 30.000 laguni helmugara iristea eragotzi izana, Txabi Etxebarrieta eta Jose Pardinesen heriotza, abuztuaren 2an ETAk Meliton Manzanas poliziaburua hiltzea... Eta, hain justu, azken horren eraginez Espainiako Estatu frankistak ezarritako zortzi hilabeteko salbuespen egoerari erreparatu diote Aranzadik eta EHUk ikerketa batean. Desklasifikatutako artxiboak oinarri, informazio hori bildu dute 1968. Gipuzkoa en estado de excepción (1968. Gipuzkoa salbuespen egoeran) liburuan. Atzo aurkeztu zuten, Donostian.

Mende erdi pasatuta, informazioa eskuratzea garrantzitsua izan dela nabarmendu du Etxeberriak: «Beharrezkoa zen denbora tarte hau pasatzea eskuraezinak ziren artxiboak jasotzeko eta dokumentu horietaz hitz egin ahal izateko. Bestalde, interesgarria da ikustea zer pentsatzen zuten frankistek Gipuzkoari buruz». Izan ere, mugimendu independentistaren barruan zebilen edonor izan zitekeen atxilotua eta «gorri separatista» izateaz akusatua.

Lana osatzeko, Guardia Zibilaren txostenak izan dituzte, besteak beste, langai, eta bildutako informazioaren berri ere eman dute egileek. Hala nola errepresioaren biktima izandako 279 lagun identifikatu dituzte, eta jakin dute horietatik 56 erbesteratu zituztela. 107 kide epaitu zituzten zortzi hilabeteko tarte horretan Ordena Publikoaren Auzitegian, eta gutxienez 21 epaiketa militarretan zigortu. Tortura kasuak ere bildu dituzte: 79 lagunek salatu zituzten. Horrek aukera eman du joan den urtean Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketa gehiago zabaltzeko, Etxeberriaren esanetan: «Ikerketak handitu egin du Jaurlaritzarentzat egindako txostenaren biktima kopurua».

Sei laguneko taldea aritu da lanean: Etxeberria bera, Javier Buces, Jon Mirena Landa, Laura Pego, Rakel Perez eta Juantxo Egaña. Oinarrian, artxibo horiek hartu dituzte kontuan: «Itxaron dugu dokumentuak desklasifikatu arte. Orain, inork ezin digu eragotzi. Horregatik, liburuaren oinarria historikoa da». Ordea, beste ikuspegi batzuk ere jaso dituzte. Landak garai hartako errepresioaren analisi juridikoa egin du, eta biktimen testigantzak ere bildu dituzte Aranzadikoek.

Egañak landu du liburuko alderdi grafikoa, eta 1968ko Gipuzkoako testuingurua erakusten duten 68 irudi bildu ditu, Donostiako Orixe eskolan agertutako pintaketa frankistak, esaterako. Bada, 50 urteren ondoren, berritasun bat ere: Luis Javier Arrietaren gorputza erakusten duen argazki bat jaso dute liburuan: «Torturatutako kide baten Gipuzkoako argazkirik zaharrena da», ohartarazi du Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.