Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteko kideak «aspertuta» eta «gogaituta» daude, ikusita euskal presoei oraindik ere «salbuespen neurriak» ezartzen dizkietela eta ez dietela lege arrunta aplikatzen: «Aspertuta gaude gure senideekin beti salbuespenaz jokatzen dutelako eta ez zaielako legea aplikatzen. Gogaituta gaude legeak jasotzen ez dituen gauzak eskatzen zaizkielako, eta nazkatuta gaude espetxe salbuespenari eusteko jartzen dituzten aitzakia politiko, mediatiko eta judizialekin».
Presoen senideek argi utzi nahi izan dute ez direla «onurez» ari, «espetxeetako legeak eta araudiak jasotzen dituzten eskubideez» baizik: «Euskal preso politikoek onurak lortu dituztela diotenak gezurretan ari dira. Gezurra esaten dute salbuespen neurririk inoiz ez zaiela aplikatu eta orain ez zaiela aplikatzen ziurtatzen dutenek», azaldu dute.
Esan dutenez, gainerako presoen kasuan ibilbide arrunta izango litzatekeena etxetik gertu egon ahal izateko, irteera baimenak lortzeko, hirugarren graduan sailkatzeko eta, azkenik, baldintzapean aske geratzeko «etengabeko oztopo lasterketa» bilakatzen da euskal presoentzat.
Irteera baimenak, atzera
Etxerat-ek zenbait datu eman ditu esaten duena frogatzeko. Adibidez, espetxeetako tokian tokiko tratamendu batzordeek 34 presori dagozkien 71 irteera baimen onartu dituzte, gero Espainiako Auzitegi Nazionalaren Espetxe Zaintzako epaileak eta1. sekzioak ukatu dituztenak. Etxerat-ek azaldu duenez, 168 presok kalera ateratzeko baimena izan beharko lukete lege arrunta aplikatuz gero, baina horietatik 22 baino ez daude egoera horretan.
Irteera baimena ukatzea nahikoa ez, eta zenbait kasutan, hirugarren graduan zeuden presoak bigarren gradura bueltatzeko agindu du Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak. Horren ondorioz, kalera ateratzeko moduan zeuden hiru presok espetxera itzuli behar izan dute. Normalean, zigorraren erdia bete duten presoak hirugarren graduan sailkatzen dituzte, eta horrek aukera ematen die espetxealdiaren zati bat kalean egiteko. Euskal presoen kasuan, 132k egon beharko lukete egoera horretan, baina hamalau baino ez daude hirugarren graduan.
Gainera, Etxerat-ek emandako datuen arabera, 51 presok baldintzapean aske egon beharko lukete, zigorraren hiru laurden bete dituztelako, baina aurten seik baino ez dute halakorik lortu.
«Ezin dugu denbora gehiago itxaron, lege arrunta aplikatzeko oztopoak eta trabak egunero saihestuz», esan dute euskal presoen senideek; «ezin da euskal gizartea elkarbizitza eraikitzeko etengabeko atzerapenera kondenatu».
Josu Ginea, aske
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, joan den igandean Josu Ginea Sagasti euskal presoa aske gelditu zen. Ginea Larrabetzukoa da (Bizkaia), eta iaztik Basauriko kartzelan zegoen (Bizkaia). Handik atera zen joan den igandean. 1977an jaio zen, eta 2002ko abenduaren 19an atxilotu zuten. Hemezortzi urte eta erdi egin ditu kartzelan, Frantziako eta Espainiako zenbait espetxetan. Frantziak 2010eko apirilean utzi zuen Espainiaren esku.
«Salbuespen politikari» eusteko «aitzakiak» arbuiatu ditu Etxerat-ek
Euskal presoen senideek diote «aspertuta» eta «gogaituta» daudela. Presoek onurak dituztela diotenei «gezurretan» aritzea leporatu diete. Auzitegi Nazionalaren jokabidea gaitzetsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu