Hilero, Hego Euskal Herriko sindikatu ia guztiek (ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde) elkarretaratzea egin ohi dute Bilboko Plaza Eliptikoan, presoen giza eskubideen alde. Oraingoan ere egin dute, eta aukera baliatu dute Sarek urtarrilaren 7rako antolatu duen manifestazioari atxikimendua adierazteko.
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak hiru aldarrikapen plazaratu ditu: oraindik amaitzeko dagoen euskal presoen Euskal Herriratze prozesuari azkena ematea, «salbuespen neurriak» bertan behera uztea —bereziki graduen erregresioari dagozkionak—, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari mezu bat igortzea: «Espetxe arloko eskumenak herri honetan daude, eta, beraz, euskal erakundeek arlo honetan erabakitzen dutena errespetatu behar dute».
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk esan duenez, presoen urruntzeari dagokionez egoera asko aldatu da azken hilabeteotan, oraindik ere preso batzuk «etxerako bidea egin gabe» dauden arren. «Hori ez zen lortuko herritarren mobilizaziorik gabe, eta eragile poliotiko, sindikal eta sozialen artean adostasunera iristeko borondate eta determinaziorik egon ez balitz». Edonola ere, gogorarazi du oraindik ere «oztopo ugari» gelditzen direla bidean, eta, horiek gainditzeko, dei egin du urtarrilaren 7ko manifestazioan parte hartzera.
EAEko UGTko idazkari nagusi Raul Arzak esan du aurtengoa «urte ona» izan dela, presoen urruntzea amaitzeko urrats ugari egin direlako: «Preso gutxi batzuk gelditzen dira hurbildu gabe». Esan duenez, garaia da «iraganeko zauriak» itxi eta aspaldi hartutako «salbuespen neurriak» bertan behera uzteko. ETAk hildako UGTko kideak ere akorduan hartu ditu: «Ez ditugu inoiz ahaztuko, baina beste garai batera pasatzeko ordua da»