Euskal Presoak

Salbuespen legeek behin betiko desagertu behar dutela aldarrikatu dute presoen senideek

Etxerat-ek deituta, euskal presoen bostehun senide eta gertuko inguru elkartu dira Bilbon: «Amaitu da, azkenik, horrenbeste sufrikario eragin eta utzi digun aro luze hau».

Etxeratek deituta presoen senideek eta gertukoek egin duten agerraldia, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 23a
15:10
Entzun

«Aro berri batean sartzen gara; orain salbuespen legeek behin betiko desagertu behar dute, gure senitartekoek etxera itzultzeko bidea burutu dezaten». Etxerat elkarteak deituta, euskal presoen bostehun senide eta gertuko inguruk agerraldia egin dute gaur Bilboko Elkarkidetza plazan, dispertsioaren amaieraren irakurketa egiteko. Olatz Iglesias eta Belen Aurrekoetxea bozeramaileek irakurri dute hamar puntu dituen oharra.

Argi utzi dute euskal presoak gerturatu izana «gizarteak izan duen inplikazioaren emaitza» izan dela, eta aurrera begira jarri dira: «Garbi dugu zer gelditzen den egiteko dispertsioaren amaieraren ondoren. Senitartekook adierazi nahi dugu presoak, errefuxiatuak eta erbesteratuak etxera itzultzeko prozesuak garrantzi handia duela, legeak aurreikusten duen ibilbidearekin adostasunean. Errespeta daitezela haien eskubideak!», aldarrikatu dute. «Horrek, zalantzarik gabe, herri honetako bizikidetza eraikitzeko prozesuan aurrera egitera eramango gaitu».

Aurrez, pozik agertu dira, amaitu delako «horrenbeste sufrikario eragin eta utzi» duen aroa. «Albiste on baten lekukotza emateko elkartu gara: dispertsioa eta urrunketa amaitu dira», esan dute. Eurak dira, beste hainbaten artean, 1987. urtetik errepideetan ibili direnak presoak bisitatzeko: «Honek ez zuen ezein kasutan gertatu behar», salatu dute.

Azkenik, gogoan izan dituzte preso zeuden seme-alabak bisitatzeari utzi beharra izan zuten guztiak, eta errepidean bizia galdu zuten hamasei presoen senitarteko eta lagunak. Esker onak eman dizkiete, berriz, autobus gidariei, Mirentxineko gidari boluntarioei eta bisitaldietarako lagundu dietenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.