Salatu dute PSNk «edukiz hustu» duela Orkoiengo euskararen ordenantza

Orkoiengo Euskaltzaleak taldearen arabera, aldaketak «arlo guztiei» eraginen die.

Abenduaren 15ean ere elkarretaratze bat egin zuen EHEk, euskararen ofizialtasuna eskatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskararen ofizialtasunaren aldeko elkarretaratzea Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 7a
13:42
Entzun

Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak (Nafarroa) ohar bidez salatu du herriko udala gobernatzen duen PSN alderdiak euskararen ordenantza moldatu duela, eta «edukiz hustu» duela araua. «Orkoienen euskararen ordenantza aurrerakoi bat izan dugu 2009az geroztik, sentsibilitate desberdineko alderdien artean adostua, hizkuntza eskubideak babestu eta gure herriko bi hizkuntza nagusien arteko bizikidetza bermatu izan duena», azaldu dute oharrean. Udal gobernuak, ordea, euskara eskakizun guztiak erauzi dituela salatu dute. «Arlo guztiei eragiten die: kultura, eskolaz kanpoko jarduerak, haur eskola, aurrez aurreko eta idatzizko arreta, lantalde organikoa...». Ordenantza berriak euskara «herriko eguneroko bizitzatik desagertzea» ekar dezakeela uste dute euskaltzaleek: «Atzerapauso ikaragarria izanen da hizkuntza eskubideetan eta bizikidetzan».

Hori dela eta, mobilizazioak iragarri dituzte: «Euskaltzaleok bat egin behar dugu. Ezer egiten ez badugu, ziur gaude gure hizkuntzaren aurkako lehen erasoa izanen dela herrian. Argi utzi beharra dugu euskara gure herriko hizkuntza ere badela. Ez bakarrik guregatik; baita gure lagun, bizilagun, senide eta seme-alabengatik ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.