Salatu dute Osakidetzan emagin gutxiago egongo direla udan

Barrualde-Galdakaoko ESIko emaginek protesta egingo dute arratsaldean Bilbon, sindikatuek babestuta. Langile faltak herritarren arretaren kalitatea «arriskuan» jartzen duela ohartarazi dute.

Emagin bat haur jaioberri batekin
Emagin bat haur jaioberri batekin. SATSE sindikatua.
edurne begiristain
2024ko ekainaren 6a
14:04
Entzun

Barrualde-Galdakaoko ESI erakunde sanitario integratuko emaginak protestan dira: salatu dutenez, langile kopurua, berez ere eskasa, areago murriztuko du Osakidetzak udan, eta horrek, besteak beste, eragin zuzena izango du emakumeen artaren kalitatean. Arazoa ez da berria. Aurreko urteetan ere salaketa bera egin izan dute emaginek, eta protestara jo izan dute. Gaur berriro aterako dira kalera, salatzeko Osakidetzak ez diela erantzunik ematen euren eskaerei. Elkarretaratze batera deitu dute 16:00etarako, Osakidetzak Bilbon duen egoitzaren parean. Protestarekin bat egin dute SATSE, ELA, LAB, UGT, CCOO, SAE, eta ESK sindikatuek ere. Konponbiderik ezean grebara joko dutela iragarri dute.

Duela gutxi, emaginek, Barrualde-Galdakaoko ESIaren zuzendaritzari bidalitako gutun batean, salatu zuten langile faltak osasun profesionalen osasun fisiko eta mentalari eragiten diola, eta «arriskuan» jartzen duela pazientearen arretaren kalitatea. Halaber, eskatu zioten baliabide guztiak jar ditzala opor garaian langileak bilatzeko, lehenbailehen argitara ditzala bitarteko eta ordezkapenetarako zerrenda eguneratuak, eta profesionalentzat erakargarri diren lan kontratu duinak eskain ditzala. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina, oraindik ez die erantzun eskaera horiei.

Agendak, beteta

SATSE sindikatuak, ohar bidez, babes osoa adierazi die borrokan diren emaginei, eta haien lan baldintzak hobetzeko exijitu dio Jaurlaritzari. Sindikatua ESIaren zuzendaritzarekin batzartu da arazoari aterabidea bilatzeko, eta sinadura bilketa bat martxan jarri du babesa lortzeko. Sindikatuak jakinarazi du joan den ekainaren 3ko Mahai Sektorialean Osakidetzak onartu egin zuela ezingo zuela bermatu udan osasun zentro guztiak lantalde guztiarekin irekiko zituela.

SATSEk salatu duenez, emaginak ezinean daude lanean, «gero eta beteago» dituzte agendak, eta herritarrei ohiko ordutegitik at deitu behar izaten diete arta eman ahal izateko. Arazoa «larria» da: «Emagin faltak zuzenean eragiten dio biztanleriaren arretari eta emakumeek urte osoan kalitatezko laguntza izateko duten eskubideari».

Aurreko udetan izandako murrizketen eraginez hainbat osasun zerbitzu kaltetuak izan zirela gogora ekarri du SATSEk, hala nola haurdunaldiaren jarraipena, erditu ondoko eta edoskitzaroko kontsultak, haurdunaldia etetea, zoru pelbikoa berreskuratzeko saioak eta umetoki lepoko minbiziaren baheketak.

Hala, Osakidetzari eskatu dio emagin gehiago kontratatzeko, eta ezinezkoa bada bestelako irtenbideak bilatzeko. «Erabat sinetsita gaude gure eskaeren zilegitasunaz. Bada garaia neurri zehatzak hartzeko egoera hori urtero errepika ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.