Salatu dute Orkoiengo euskara ordenantza «edukiz hustu» nahi dutela

Udalean euskara eta gaztelera erabiliko direla jasotzen du oraingo testuak; berriak, berriz, euskara «ahal den heinean» erabiliko dela dio. Euskara ezinbestekoa ez den udaleko lanpostuetan ez da merezimendua izango.

Orkoien
Orkoienen egin duten elkarretaratzea, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko abenduaren 29a
14:12
Entzun

Berriro ere euskararen aurka. Orkoiengo Udala (Nafarroa) euskara ordenantza berria ontzen ari da, eta, zenbait herritarrek eta eragilek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu dutenez, atzerapausoak ekarriko ditu euskararentzat. Hain zuzen, gaur goizean Orkoiengo Udalaren aurrean egin duten prentsaurrekoan nabarmendu dute «edukiz hustu» nahi dutela.

Azaroaren 29an Orkoiengo Udalaren webgunean euskararen ordenantza aldatzeko prozesua ireki zuten, eta herritarrek gaur arte izan dute aukera testu berriaren inguruko iritzia emateko. Aurreko egunak bezala, herritarrek azken eguna ere baliatu dute neurri berriak erregistratzeko. Izan ere, ez daude ados udalaren proposamenarekin, eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak ere eskatu du testua atzera botatzeko.

Baina zergatik? Puntuz puntu aletu du Gaubekak testua. Azaldu duenez, euskararen ordenantzaren hitzaurrean ezabatu egin dituzte aurreko ordenantzak euskarari egiten zizkion erreferentzia guztiak, eta hizkuntzez hitz egiten du, orokorrean, «kontuan hartu gabe euskara dela gutxitutako hizkuntza eta babesa eta sustapena behar duena». «Euskararen ordenantza izanik, uste dugu euskarari berariazko aipamena egin beharko liokeela».

«Ezin da esan herritarrek Orkoiengo Udalarekin euskara erabiltzeko eskubidea dutela, gero hori bermatzeko neurri eraginkorrik ezartzen ez bada». 

AGURNE GAUBEKAHizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Udalaren erabilerari eta informazio eskaintzari dagokienez, Gaubekak azaldu duenez, egun indarrean dagoen testuan euskara eta gaztelera erabiliko direla ezartzen dute; alabaina, proposatutako dokumentu berrian, «berme guztiak desagerrarazi» dituzte, eta ezarri nahi dute euskara «ahal den heinean» erabiliko dutela. Eta erantsi du: «Udalaren aldizkarian, publikazioetan edo iragarkietan ere euskararen presentzia orekatua ezartzeko artikuluak aldatu nahi dituzte, euskararen presentzia urriagoa ahalbidetuz».

Euskaraz, «ahal den heinean»

Herritarrekiko gainerako zerbitzuei dagokienez, berriz, esaten dute herritarrak udalarekin euskaraz aritu ahal izango direla; ordea, Gaubekaren hitzetan, atzera bota nahi dituzte hori ahalbidetuko luketen neurri guztiak: «Besteak beste, ezarri nahi dute telefono bidezko edo aurrez aurreko arretan ere euskaraz aritu nahi duten herritarrak ahal den heinean artatuko dituztela euskaraz». Horrek, Gaubekaren irudiko, ekarriko luke «hizkuntza eskubideak bermatzeari begirako neurri oro» ezabatzea. «Beraz, herritarren hizkuntza hautua erabat mugatuko luke». Testu berrian jasotakoa gaitzetsi du: «Ezin da esan herritarrek Orkoiengo Udalarekin euskara erabiltzeko eskubidea dutela, gero hori bermatzeko neurri eraginkorrik ezartzen ez bada».

Lanpostuetan ere izango du eragina araudi berriak. Gaubekak azaldu duenez, bertan behera utzi nahi dituzte euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko plantilla organikoarekiko —hor ezartzen dituzte udaleko lanpostuak eta horien profilak— neurri zehatzak. Horiek horrela, Gaubekaren esanetan, «lausotu» egingo dituzte udalak hizkuntza politika egiteko dituen eskumenak. Esaterako, euskararen ezagutza nahitaezkoa ez den lanpostuetan orain arte merezimendu gisa baloratzen zuten; orain, artikulu hori ezabatu egin dute. Gainera, proposatu dute azpikontratatutako zerbitzuetan herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar izatea ezartzen duen artikulua ere ezabatzea.

Azkenik, kultur eta kirol ekintzen eskaintza euskararen erabileraren arabera egin nahi dute. Behatokia ez dago ados: «Uste dugu espazio horietan euskaren erabilera mugatzeko eta oztopatzeko asmoa erakusten duela».

Gaubekak ez ezik, zenbait herritarrek ere hartu dute hitza, eta Orkoiengo Udalari eta Nafarroako gainerako erakundeei eskatu diete herritarren eta hizkuntzen berdintasunarekiko «atzerapausorik» ez onartzeko. Gainera, galdegin dute hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko. «Baina, batez ere, berdintasunean oinarritutako gure herriko berezko hizkuntzen bizikidetza eskatzen dugu». Halaber, iragarri dute urtarrilaren 27an ekitaldi bat egingo dutela, eta bertan parte hartzera deitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.