Salatu dute Nafarroako Gobernuak trabak jarri dizkiola Oibarren euskarazko ikasgela bat zabaltzeari

Astelehenean agerraldi bateratua eginen dute herriko udal ordezkariek, guraso talde batek eta euskalgintzak, egoeraren berri emateko.

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin eskatzeko aurten Iruñean egindako mobilizazio bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin eskatzeko aurten Iruñean egindako mobilizazio bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko ekainaren 13a
16:15
Entzun

Mendigorria, Larraga, Lerin, eta, orain, Oibar (Nafarroa). Azken urteetan, guraso talde asko atera dira kalera salatzeko beren herrian D eredua jartzeko eskaera egin dutela eta Nafarroako Gobernuak bidea trabatu diela. Duela zenbait hilabete, 2024-2025eko ikasturtean, haur eskola zabaltzeko eskatu zuen Oibarko Udalak. D ereduaren aldeko hautua egin zuten familia ugarik, baina, salatu dutenez, Hezkuntza Departamentuak ez die oraindik erantzun: «Aurrematrikulazioak D ereduan zirela ikustean, epeak luzatu ditu Hezkuntza Departamentuak, eta erantzun ofizialik eman gabe segitzen du», azaldu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ohar batean. Horren ondorioz, eta ziur jakin gabe zein izanen den hurrengo ikasturterako egoera, herriko hamar bat familiak atzera egin dute, eta beste hizkuntza eredu batzuetan matrikulatu behar izan dituzte seme-alabak.

«Azken urteetan, euskararen irakaskuntza sustatu beharrean, kontrako noranzkoan ari da Hezkuntza Departamentua, aitzakia ezberdinak jarriz», adierazi dute. Hain justu, departamentuaren jokabidea salatuko dute heldu den astelehen arratsaldean, Oibarko Udaletxe plazan eginen duten agerraldian. Bertan izanen dira herriko zenbait guraso eta herritar, udal ordezkariak, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Sortzen elkartea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.