Oibarko (Nafarroa) familiak eta bizilagunak, udala, Nafarroako hainbat gizarte eragile, Sortzen elkartea eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia elkarrekin atera dira gaur arratsaldean prentsaren aurrera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren jarrera salatzeko. Hain zuzen, azaldu dutenez, euskarazko irakaskuntza oztopatzen ari dira herrian, ez dutelako modurik jarri D ereduko haur eskola bat zabaltzeko.
Lau hilabete egin behar da atzera egungo egoera ulertzeko. 2024ko otsailean, Oibarko udalak adierazpen bat bidali zuen Hezkuntza Departamendura, txosten txiki batekin batera, 2024-2025eko ikasturterako haur eskola bat irekitzeko asmoz. Azaldu dutenez, haiek eskatutako txosten, balorazio eta bilera guztiak egin ondoren, dokumentazio guztia aurkeztu zuten maiatzean, eta aurrematrikulazio epea zabaldu. Hamar familiak eskatu zuten urtebete eta 3 urte arteko umeak D ereduan matrikulatzeko haur eskolan.
Trabak izan dituzte, ordea. «Ekainean, matrikulazio epea hasi baino egun bat lehenago, Hezkuntza Departamentua udalarekin harremanetan jarri zen telefonoz, euskarazko lekuen eskaintza zela eta, eta adierazi zuen ez zuela emango haur eskola irekitzeko baimenik», azaldu dutenez. Izan ere, departamentuko arduradunen esanetan, herriko eskolan euskarazko eskaintzarik ez dagoenez —A eta G ereduak baino ez dituzte eskaintzen—, haur eskola euskaraz izateak ikastetxearen egoera «baldintzatu» dezake.
Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu dute gaurko agerraldian: «Udalaren eskaerari ezetza ematen dion txosten teknikoa behin eta berriz eskatu den arren, oraingoz hezkuntza zuzendari nagusiak soilik adierazi du matrikulak ezin direla aurrera eraman Hezkuntza Departamentuaren irekiera baimenik gabe». Halaber, nabarmendu dute umeek euskaraz ikasteko aukera izan behar dutela: «Gogorarazi nahi dugu Oibarko neska-mutilek eskubidea izan beharko luketela herrian dauden baliabideak erabiltzeko eta euskaraz ikasi ahal izateko. Horrela, bermatuko litzateke etorkizuneko oibartarrak Nafarroako bi hizkuntzak erabiltzeko gai izango direla». Nabarmendu dute departamentuaren ardura dela euskararen irakaskuntza berariaz sustatzea; alabaina, egotzi diote horren ordez «aitzakiak jartzen» ari dela, «euskararen irakaskuntza geldiarazteko edo baldintzatzeko».
Areago, salatu dute Nafarroako Gobernua Euskararen Legeak ezarritakoa urratzen ari dela: «Nafarroako Parlamentuak ontzat jo zuen legeak ezarritako eremu mistoan sartzea Oibar 2017ko ekainetik; hala ere, Nafarroako araudiak euskarazko irakaskuntzari buruz ezartzen duenaren kontra ari da Hezkuntza Departamentua».
Konponbide eske
Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuari eskatu diote berehala har ditzala beharrezko neurriak eta erabakiak bermatzeko haur eskola martxan jarriko dela 2024-2025eko ikasturterako: «Hamar familia daude Departamentuaren erantzunaren zain, bermatu ahal izateko seme-alabek aukera izango dutela datorren ikasturtean haur eskolara joateko». Nabarmendu dute Oibarko haur eskolaren proiektua «ongi pentsatua eta hausnartua» dela, «apustu serioa eta errealista».