Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu du, Lazkaon (Gipuzkoa), sexu eraso bat egitea egotzita. Emakumeak salatu zuenez, ukituak egin zizkion; igande goizaldean izan zen erasoa. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gertatutakoa gaitzetsi dute, eta babesa helarazi diote emakumeari.
Adierazpen instituzional batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak «gaitzespenik irmoena» adierazi du, eta, era berean, «gertutasuna eta elkartasuna» helarazi dizkie emakumeari eta haren senideei eta gertukoei. Nabarmendu du halako erasoen atzean matxismoa dagoela: «Jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrerak eta ideia matxistak». Horregatik, berdintasunaren alde egiten jarraitu beharra dagoela ziurtatu du: «Eskubide bortxaezinak dira emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, baita duintasuna, sexu askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean».
Horrela, aldundiak bat egin du Lazkaoko Udalaren oharrarekin. «Gaitzespenik irmoena» agertu du udalak, eta aldarrikatu du jaietan eta gauetan edonork izan behar duela aske bizitzeko aukera: «Lazkaoko Udalak horrelako egoera guztien kontrako jarrera adierazi nahi du, eta, era berean, gaitzespena adierazi nahi du, baita pertsona hauenganako elkartasuna ere».
Lazkaon ez ezik, Sopelan ere (Bizkaia) izan zen sexu eraso bat. Hari lotuta, 35 urteko gizonezko bat espetxera bidali dute gaur; erasoa abuztuaren 28an izan zen.
Emakumeak sexu eraso bat egin ziotela salatu zuen, eta, ikertu ostean, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo. Gaur goizean epailearen aurretik igaro da, eta kartzelan sartu dute.