Kezkaturik dabil EHIGE Euskal herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den hezkuntza politikekin. Lurdes Imaz koordinatzaileak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren mendeko Hezkuntza Saila Kataluniako segregazioaren aurkako neurriak ditu inspirazio iturri, «zalantzarik gabe». Elkartearen arabera, Jaurlaritzak bertako eredua «kopiatu» nahi du. Hortik datorkie ardura, «Kataluniako hezkuntza zerbitzuak ez duelako amaitu eredu dual publiko-pribatua».
Asteartean egin zuten Eskola segregazioaren kontrako neurriak Katalunian mahai ingurua Lidon Gasull aFFaC-eko zuzendariarekin —Kataluniako sare publikoko guraso taldea— eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Sheila Gonzalez politika publikoetako eta gizarte eraldaketako doktorearekin, eta ondorioak aurkeztu zituzten atzo, Bilbon eginiko agerraldi batean.
Iaz iragarri zuten ituna sinatu zuten lau alderdiek «hainbat baldintza betetzen dituzten» titulartasun publiko eta pribatuko zentroak hezkuntza zerbitzu publikoan bilduko zituztela. Segregazioari aurre egiteko baliagarria izango zela adierazi zuten orduantxe, eta itunpeko ikastetxeek ere zaurgarriak diren umeen tasa bat izango dute, horrenbestez.
Zalantza ageri dute EHIGEkoek, neurriak ez zaizkielako «oso eraginkorrak» iruditzen. «Alde batetik, ikusten genuen eskola leku pribatu gehiegi eskatzen direla hainbat herritan, jaio diren umeak baino leku gehiago eskaini dituztelako itunpeko ikastetxeek», adierazi du Imazek. Gainera, ez dute uste ikasle zaurgarriak identifikatzeko modua objektiboa izan denik. Esplikatu dutenez, galdetegi bat bete behar izan dute familiek, eta ez da kontrolatzeko modukoa izan. Neurri objektiboak eta kontrolagarriak eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari.
Hainbat irakaspen atera dituzte Kataluniaren testuingurutik EHIGEkoek. «Argi geratu da ezin direla parekatu titulartasun publikoa eta pribatua duten ikastetxeak, logika desberdinekin funtzionatzen dutelako, eta hezkuntza administrazioak ezin duelako batean eta bestean modu berean esku hartu», adierazi du Imazek. Katalunian, «itunpeko bakar bat ere ez» da geratu zerbitzu publiko horretatik kanpo.
Hezkuntza kohesionatua
Imazen esanetan, «argi dago» eskola publikoa «indartu» egin behar dela, eta Bartzelonan huraxe sustatzeko politika «interesgarriak» egin direla adierazi du. «Gainera, argi geratu zaigu gehiegizko eskaintza pribatua murriztu egin behar dela, eskolaren premietara egokitutako eskaintza egin behar dela».
Imazen berbetan, Kataluniako legean eta dekretuan «oso garatuta» dago udalek planifikazioan eta onarpenean izaten duten rola. «Argi geratu zaigu familiek eskola aukeratzeko duten eskubidea ezin dela inondik ere hezkuntza sistema kohesionatua lortzeko helburuaren gainetik egon», esan du. «Lortu behar dugu ikastetxe guztiak onak izatea, kohesionatuak izatea, antzeko izaera edukitzea, eta azpiegiturak eta zerbitzu guztiak izatea».
Salatu dute Jaurlaritzaren segregazioaren aurkako neurriak ez direla efikazak
EHIGEk ohartarazi du Jaurlaritzak Kataluniako eredua «kopiatu» nahi duela. Aldarrikatu dute hezkuntza kohesionatzea lehenetsi behar dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu