Osasuna

Salatu dute Jaurlaritza «manipulazio mediatikoa» egiten ari dela osasun sistemari buruz

Ohar baten bidez, osasun publikoaren aldeko herritarren plataformek osasun agintariei egotzi diete herritarrak «nahastea»; azaroaren 11ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

jarraia233851.jpg
arantxa iraola
2023ko urriaren 11
15:04
Entzun

OPA plataforman baturik, osasun publikoaren aldeko taldeek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren «kanpaina mediatikoa» salatu dute, propio Osasun sailburua hizpide hartuta. «Kanpaina horretan, Gotzone Sagardui sailburuak ukatu egin du euskal herritarren eta osasun arloko langileen ezinegona, eta 'ingurune soziopolitikoari' egotzi», salatu dute. Sailburuak «lankidetza publiko-pribatuari» buruz esandakoak ere kritikatu dituzte. Horiek horrela, azaroaren 11n osasun publikoaren alde egitekoak diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute: Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira.

Aditzera eman dutenez, «propaganda plan hutsa da» Jaurlaritza egiten ari dena, herritarrak «nahasteko eta engainatzeko» pentsatua. «Propagandaren bigarren helburua osasunaren negozioarekin irabaziak lortzen dituzten enpresa pribatuen aldeko eraispen progresiboaren ondorioak estaltzea da», gaitzetsi dute. Zenbait adibide jarri dituzte hori azaltzeko. «Iraunkortasunaz hitz egiten dutenean, murrizketak egiteaz ari dira benetan; enplegua sortzeaz mintzatzen direnean, enplegu publikoa suntsitzeaz ari dira, enpresa pribatuetan lanpostu prekarioak sortzeko; hobekuntza teknologikoak aipatzen dituztenean, arreta prekarioa emateaz eta eten digitala handitzeaz ari dira; lankidetza publiko-pribatua aipatzen dutenean, egiatan esan nahi dute osasun pribatua diru publikoarekin finantzatu nahi dutela, osasun publikoa ahulduta, horrela pribatizazioaren beharra justifikatzeko».

Halaber, salatu dute funtsean «manipulazio mediatikoaz» bestelako helbururik ez duten mezuak agertu direla hainbat hedabidetan, «albiste gisa ezkutatuta». «Beharrezkoa da herritarrek propaganda horri buruz hausnartzea eta iritzi sortzaileak, etikarik gabeko kazetaritza eta publizitate engainagarria transmititzen duten panfleto horiek ez sinestea. Osasun publikoaren eta kalitatearen eredu berririk ezingo da inoiz sortu farmazialari eta ospitale pribatuek finantzatutako fundazioetatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.