Oroimen tokiak izendatzen ari da Espainiako Gobernua: Franco diktadorea hil zeneko 50. urtemugaren harira, hainbat jardunbide egin nahi ditu, eta, besteak beste, «memoria demokratikoarentzat» esanguratsuak diren tokiak gorestea da horietako bat. Irungo Etorbidearen zubia da horretarako hautatu dituzten lekuetako bat, eta gaur, hain justu ere, Memoria Demokratikorako estatu idazkari Fernando Martinez bertan izan da, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Marisol Garmendiarekin batera, bisitan. Horren harira, Behe Bidasoan memoria historikoa lantzen ari den Kepa Ordoki elkarteak salatu du izendapena egiteko erabili den testuingurua «kamutsa» dela, eta hainbat «zehaztapen» plazaratu nahi izan ditu.
Besteak beste, elkarteak zalantzan jarri nahi izan du behin diktadorea hil eta gero ere zubi horretan egon den «askatasuna». Besteak beste, gogora ekarri nahi izan du migratzaile asko aski ataka zailean egoten direla justu inguru horretan, eta azken urteotan bederatzi pertsona hil direla Bidasoa ibaia zeharkatzeko ahaleginetan. Izan ere, Poliziak kontrolak gogortu egin ditu urteotan, eta propio eragotzi zaie bidea migratzaileei. Beste hainbat gertaera historiko ere gogoratu nahi izan dituzte. Adibidez, gogora ekarri dute 1981. urtean Telesforo Monzon buruzagi abertzalearen gorpuzkiak zeramatzan segizioa «bortxaz» beste bide batetik bideratu nahi izan zutela inguru horretan.
Aintzat hartu ez den testuingurua azaltze aldera, nabarmendu dute «estatu terrorismoarekin» lotutako hainbat atentatu egin zituztela zubian; beren-beregi aipatu dituzte GAL, Triple A eta Batallon Vasco Español taldeak. Halaber, uste dute gogora ekarri behar dela hainbat euskaldun «zelatatuak» izan zirela zubi horixe igarotzeko.
36ko gerran eta diktaduran muga zeharkatu behar izan zuten «erbesteratuen» aipamena egin da izendapenerako, baina, Kepa Ordoki elkarteko kideen ustez, Espainiako II. Errepublikaren garaian «ardura politikoak izan zituzten hautetsiak» bakarrik hartu dituzte aintzakotzat, eta berez askoz ere gehiago izan ziren. Beste hutsune bat ere nabaritu dute, ikusita naziek zubian izan zuten presentzia ez dela aipatzen: «Ebazpenak ez du inolako aipamenik egiten III. Reicheko ordezkariek zubian zuten kontrolaz eta eskumenaz».
Bide batez, gaur Espainiako Gobernuko buruzagiak Irunen egon direla eta, Kepa Ordoki elkarteko kideek gogora ekarri diete beren eskarietako bat: Irunen egon zen Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua ere memoria toki izendatzea nahi dute.
Gaurko ekitaldian Espainiako Gobernuko ordezkariekin batera izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Maria Jesus San Jose, Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonso eta Irungo alkate Cristina Laborda. Hain zuzen, alkateak esan du Etorbidearen zubia memoria toki izendatzeko erabakia Irungo Udalak ekainean egindako eskabide baten ondorioa dela. Erantsi du zubiaren «esanahi historikoa» ezin dela ahaztu eta memoriarako «erreferentziazko» leku bat izan behar duela.
Ikusi gehiago