Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan eztabaidatzen ari dira egunotan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta gaur, besteak beste, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eta Kristau Eskolak agerraldiak egin dituzte. Jarrera zeharo ezberdinak agertu dituzte hiru eragileek: EHIGE eta Euskal Eskola Publikoaz Harro oso kritikoak izan dira lege proiektuarekin, eta iragarri dute ez diotela inolako ekarpenik egingo; Kristau Eskolak, berriz, ontzat jo du, eta prest agertu da akordio zabalagoak lortzeko.
EHIGEren izenean, Susana Aribayosek eta Lourdes Imazek aletu dituzte egitasmoarekin lotutako desadostasunak. Salatu dute Hezkuntza Lege proiektuan ez daudela jasota eskola publikoaren erronkak, eta alde horretatik, ez dutela asmorik proiektuari ekarpenik egiteko: «Ez dugu ikusten geure burua islatuta testuan. Ez gaude ados». Irizten diote egun indarrean den legeak «ituntze unibertsala» eta segregazioa sortu dituela, baina lege egitasmoak ez dituela arazo horiek konponduko, eta horrenbestez, argi utzi dute «ezezko borobila» ematen diotela testuari.
Imazen eta Aribayosen ustez, lege proiektuak sistema dualari eusten dio, publiko eta pribatua «parekatzen» ditu, eta, ez du bermatzen eskola publikoaren «protagonismoa». Hala, EHIGEkoek eskatu dute publifikazio prozesu baten inguruko «eztabaida serioa» irekitzea: «Ezin baita tranpa egin, publikoaren baldintzak nahi dituenak publiko izan behar du», ohartarazi du Aribayosek. Arazo demografikoari aurre egiteko, gainera, eskola publikoaren eskaintza «indartzea» ezinbestekotzat jo badute ere, ohartarazi dute matrikulazio prozesuan ez dela tresna egokirik jarri publikoa lehenesteko eta segregazioa amaitzeko.
Oraingo testuan, Imazek zehaztasun falta sumatu du hezkuntza sistemak izan behar duen hizkuntza ereduaren inguruan, eta, besteak beste, eskatu du argitzeko ikasleek nola erdietsiko duten euskarazko B2 maila DBH amaitzerako. Bestalde, ikastetxe publikoen autonomian aurrera egiteko modua emango duten neurri zehatzak eskatu dituzte EHIGEko kideek.
Hezkuntza publikoa, «zulora»
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek, berriz, lege proiektua «errotik» aldatzeko eskatu dute. Maribel Lopez de Luzuriaga eta Arantza Fernandez de Garaialde plataformako ordezkariek iragarri dute ez diotela ekarpenik aurkeztuko egitasmoari, baina eskaera zehatza egin diete talde parlamentarioei: «Garaiz zaudete legeari buelta emateko eta hezkuntza publikoa behar duen tokian jartzeko». Eskola publikoaren aldeko ahotsak aintzat hartzea galdegin die Lopez de Luzuriagak, gainera: «Entzun gaitzazue».
Plataformako kideak gogor mintzatu dira legearen aurka: «Helburuetako bat hezkuntza publikoa zulora botatzea da». Salatu dute hezkuntza sistema publiko-pribatua betikotzen duela, euskalduntzean ez duela urratsik egiten, parte hartzeko tresnarik ez duela bermatzen eta segregazioari aurre egiteko neurririk ez duela proposatzen. Gainera, ezinbestekoa iruditu zaie sare publikoari «beharrezko baliabide guztiak» ematea, baita ikastetxeak publifikatzeko bideak zabaltzea ere.
Hizkuntzei dagokienez, ikasleen euskalduntzean aurrerantzean ere erreferente izango den eskola publikoa defendatu dute, eta gaitzetsi dute lege proiektuak ez duela jasotzen murgiltze eredua, ezta hizkuntza ereduak gainditzea eta euskal curriculuma ere. «Sare publikoak pisua galduko du, eta, horrekin batera, euskararen presentziak ere bai, A eta B eredu ia denak sare itunduan daudelako».
Kristau Eskola, gustura
Maria Eugenia Iparragirrek hartu du hitza Kristau Eskolaren izenean, eta txalotu egin du Hezkuntza Lege proiektuaren edukia. Azpimarratu du jarritako zumeek «aukera ezin hobea» irekitzen dutela «kalitatezko hezkuntza lege bat egiteko, ekitatiboa eta inklusiboa». Kristau Eskolako zuzendariaren iritziz, Hezkuntza sailak «apustu ausarta» egin du «herri ikuspegitik», eta akordio zabal bat egiteko «ausardia bera» eskatu die talde parlamentarioei eta hezkuntza komunitateari.
Lege proiektuak laikotasunaz dioena zehazteko eskatu du Kristau Eskolako presidenteak, iritzi baitio gizartean «kultura eta erlijio asko» daudela, eta «laikotasun positiboak» horretan lagundu dezakeela. Adierazi du eskoletako irakaskuntza erlijiosoa ez dela «doktrinamendua», eta ikastetxea «askatasunez» hautatzeko aukera nahi dutela.
Doakotasuna lortzeko epeak ipintzearen alde agertu da, halaber: «Finantzaketa prozesu bat eskatzen du, egokituz joateko». Itunpekoak sare publikoan sartzeko baldintza batzuk ezarri behar direla adierazi du Iparragirrek, baina, betiere, ikastetxearen titulartasunaren eskaera kontuan hartuta eta aldeak ados daudela bermatuta.