Etxerik ez zuen emakume bat parke batean hilda aurkitu zuten joan den astean Santurtzin (Bizkaia). Kalean bizi ziren beste bi gizon —Mohamed eta Iñaki— duela aste batzuk hil ziren, Bilbon. Etxerik gabekoen alde lanean diharduen Bestebi plataformak egin du salaketa, ohar batean. Zendutakoen familia eta lagunen doluarekin bat egin du, eta salaketa ozendu: «Etxerik gabeko pertsona bat gure lurraldeko kaleetan hiltzen denean, porrota kolektiboa da».
Etxegabeak ikusarazteko eta haiei laguntzeko plataforma da Bestebi. 22 eragilek osatzen dute, eta etxegabeen egoerari aurre egiteko baliabideak falta direla uste dute. Eta, horregatik, «gizarte bidezkoago» baten alde erantzukizunez jokatzera deitu ditu gizartea eta instituzio publikoak. «Ez dugu onartuko hiru pertsona horien heriotzak saihetsezintzat hartzea». Bestebi plataformako kideen iritziz, «porrot kolektiboa» da pertsona batzuek kalean bizi behar bizi izatea, eta gizarte osoak bere gain hartu beharko luke haien «sufrimenduaren» erantzukizuna.
Bereziki instituzio publikoei zuzendu die mezua, etxerik gabekoen arretarako estrategia ontzen dutenean hainbat premia aintzat hartzeko eskatzeko.Batetik, galdegin die hirugarren sektorearekin elkarlanean lantzeko estrategia hori, eta aurrekontu nahikoa bideratzeko, «beharrezkoak diren zerbitzuak eta jarduerak garatu ahal izateko».
Genero ikuspegia
Halaber, Bilbon, Donostian eta Gasteizen ez ezik, etxerik gabekoen arta beste lurralde guztietan ere zabaltzeko eta lurralde bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatzeko eskatu du plataformak. Genero ikuspegia kontuan hartzea ere galdegin dute plataformakoek: zehazki, etxerik gabekoei zuzendutako estrategia emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ikuspegitik lantzeko, eta genero aldagaia aintzat hartuta jarraipen eta ebaluazio sistema sortzeko.
2020ko martxoko datuen arabera, 3.000 pertsona inguru daude egun etxerik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gizarte bazterkeria «egiturazko fenomeno gero eta handiagoa» dela salatu dute plataformako kideek, eta euskal gizarteari eskatu diote etxerik gabekoenganako begirada zabaltzeko, «ikusezin bilakatu ez daitezen».
Salatu dute etxerik gabeko hiru lagun hil direla Bizkaian
Joan den astean emakume bat hil zen Santurtzin; aurreko asteetan, beste bi gizon, Bilbon. «Porrota kolektiboa» dela salatu du Bestebik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu