Salatu dute etxerik gabe utziko dituztela Euskal Herrira etorritako Palestinako bost familia

Espainiako Gobernuak abenduaren 31n etengo diete harrera programaren finantzaketa, eta ezin izango dute euren kabuz etxebizitza bat ordaindu, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuko kideak eta Palestinako hainbat familia, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuko kideak eta Palestinako hainbat familia, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko urriaren 16a
12:27
Entzun

Joan den urteko azaroan iritsi ziren Espainiara Palestinako 26 familia, Gazako gerratik ihesi, eta autonomia erkidego batzuen artean banatu zituzten. Palestinako eta Espainiako nazionalitate bikoitza duten familia horietako bosten harrera —hamar adingabe barne— kudeatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta urtebete daramate Gasteizen bizitzen. Denbora honetan guztian, Madrilek ostatua eta mantenua ordaindu die, harrera programaren bitartez, baina abenduaren 31n Espainiako Gobernuak laguntza hori eten egingo die, eta oso zaila izango dute hemen bizitzen jarraitzea.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak gaur egin dute salaketa, Gasteizen. Familia horietako kide batzuk ere prentsaurrekoaren lehen lerroan izan dira, Palestinako bandera eta etxebizitza eskubidearen aldeko afixak agerian erakutsiz. Familia horien bizi baldintzak «jasanezinak» direla ohartarazi du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuko bozeramaile Karla Pisanok, eta Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza egin ditu erantzule.

Jakinarazi duenez, azken urtebetean familia horiek aterpetxeetan eta hoteletan egon dira, «pilatuta», janaria prestatzeko aukerarik eta bizitza garatzeko leku nahikorik gabe, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ziurtatu baliabide guztiak prest zituela haien ongizatea bermatzeko. Are, gutxienez hiru aldiz mugitu dituzte lekuz, haien borondatea kontuan hartu gabe. Eta hori gutxi balitz bezala, abuztuan jakinarazi zieten Espainiako Gobernuak harrera proiektua finantzatzeari utziko ziola eta, beraz, urriaren 31n harrera programa laga beharko zutela. Azkenean, baina, abenduaren 31ra arte luzatu diete programa, baina behin finantzaketa etenda, ezin izango dira euren kabuz hemen bizi.

Etxebizitza Sindikatuak salatu du azken urtebetean Palestinako bost familia aterpetxeetan eta hoteletan egon direla, «pilatuta», eta bizitza garatzeko leku nahikorik gabe

Laguntzarik gabe etxebizitza bat lortzea ezinezko zaiela ohartarazi du Pisanok: «Pertsona hauek gerra batetik datoz, basakeria batetik ihesi, eta ezin dute euren bizitza normal garatu. Beraz, ez da aukera bat merkatu librean etxebizitza bat topatu arte itxaroten egotea». Gaur-gaurkoz, ez diete behin betiko etxebizitza baten alternatibarik aurkeztu, eta oso zaila dute beren kasa lortzea, sindikatuko kideak azpimarratu duenez.

Iruzurren biktima

Familia batzuek alokairuzko etxebizitzak bilatzen dituzte, baina ezinezko egiten zaie ezer topatzea, etxeen jabe gehienek «filtro arrazistak eta klasistak» dituztelako: «Nominak aurkezteko eskatzen diete, baina gerratik atera berriak badira, zer nomina aurkeztuko dute?». Sindikatuko kideak salatu du jabeen iruzurren biktima ere badirela batzuk; kontatu du familia horietako bat, etsipenak jota, alokairuko iruzur baten biktima izan berri dela, eta existitzen ez den etxebizitza bat ikusi ahal izateko 700 euro ordaindu duela.

«Nominak aurkezteko eskatzen diete, baina gerratik atera berriak badira, zer nomina aurkeztuko dute?»

KARLA PISANOEuskal Herriko Etxebizitza Sindikatua

Palestinako familia horiek duten egoera «berehala» amaitzeko eskatu du Etxebizitza Sindikatuak, eta Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari zera eskatu die: asilo eskaeren ebazpena ahalik eta gehiena bizkortzea, eta «kalitatezko» eta «behin betiko etxebizitza baten alternatiba» bermatzeko. Gasteizen bizi diren familia horien antzeko egoeran daude Palestinako beste familia batzuk Euskal Herrian, eta haiei dei egin diete euren egoeraren berri sindikatuari emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.