Salatu dute espetxea ez dela leku egokia patologia bikoitza duten pertsonak artatzeko

Salhaketa eta Katearen Loturak elkarteek Basauriko espetxean gertatutako azken heriotza salatu dute. Buruko gaitzak eta adikzioak dituzten presoentzat baliabide egokiak eskatu dituzte.

SALHAKETAren protesta
Salhaketa eta Katearen Loturak elkarteek elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2024ko maiatzaren 16a
15:00
Entzun

Basauriko espetxean (Bizkaia) gertatutako azken heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Salhaketa eta Katearen Loturak elkarteek, Gasteizen. Jakinarazi dute joan den maiatzaren 3an Basauriko espetxean hilik topatu zuten presoak patologia bikoitza zuela –buruko gaitz bat eta adikzioak–, eta, suizidatzeko arrisku handia izanik ere, ez zutela zentro soziosanitario berezi batean artatu. Are: kritikatu dute kartzelan arta egokirik jaso ez izana, han aski baliabide ez dutelako gisa horretako pertsonentzako.

Suminduta mintzatu da Bego Oleaga Salhaketako kidea: «Norbaitek ezagutzen al zuen gazte horren soslaia? Espetxean sartu zuten jakinda bere buruaz beste egiteko arrisku handia zegoela eta buruko gaixotasun bat zuela. Hala ere, euskal espetxe eredu berriak buruko gaixotasunak eta droga mendekotasunak dituzten pertsonak espetxeratzen ditu oraindik ere».

«Norbaitek ezagutzen al zuen gazte horren soslaia? Espetxean sartu zuten jakinda bere buruaz beste egiteko arrisku handia zegoela eta buruko gaixotasun bat zuela».

BEGO OLEAGASalhaketa elkarteko kidea

Joan den astean eman zuen Naiz-ek presoaren heriotzaren berri, artean Jaurlaritzak inolako informaziorik eman ez zuenean. Presoa erizaindegian zegoen, eta suizidioaren aurkako protokoloa ezarria zioten, bere buruaz beste egiten saiatu baitzen behin baino gehiagotan. 08:00etan topatu zuten hilotz, «gaindosi baten» zantzuekin. Salhaketako kideak «opakutasunez» jardutea eta preso diren pertsonak «deshumanizatzea» aurpegiratu dio Jaurlaritzari.

Osasun sistemaren gabeziak

Heriotza hori salatzeko gaur egin duten elkarretaratzean, Katearen Loturak elkarteko hainbat kidek parte hartu dute –adikzio arazoak dituztenak eta patologia bikoitza pairatzen dutenak artatzen dituzte—, eta adierazi dute «kezkatuta» daudela espetxeek eta osasun sistemak gaixo horiei ematen dien arretarekin: «Sistema soziosanitarioak egoki artatu ez dituen gazte askoren hilerri bilakatu dira espetxeak».

Gaitzetsi dute kartzelak berak neurri nahikoak ez izatea gaixotasun horiek prebenitzeko, diagnostikatzeko eta artatzeko, baina gehitu dute Osakidetzak ere ez duela baliabide nahikorik martxan preso horiek artatzeko. Etsituta mintzatu dira: «Euskal presondegietan gertatzen diren heriotza naturalak salatu beste biderik ez zaigu geratzen».

«Sistema soziosanitarioak egoki artatu ez dituen gazte askoren hilerri bilakatu dira espetxeak».

KATEAREN LOTURAK ELKARTEA

Katearen Loturak elkartearen iritziz, espetxea ez den beste alternatibak behar dituzte patologia bikoitza dutenek, espetxea toki «oldarkorra» baita egoera kalteberan daudenentzat, haien osasun fisikoa eta mentala okertzen duelako. Gaur egun, baina, itxaron zerrenda luzeak dituzte irekita dauden zentro soziosanitario eskasek, eta, ohartarazi dutenez, patologia bikoitza dutenentzat zaila da horietan sartzea. Egoerari irtenbide bat bilatze aldera, elkarteak bilera bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailari.

Duela bi urte Eusko Jaurlaritzak espetxe politikaren eskuduntza bere gain hartu zuenetik, sei preso hil dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan. Salhaketak Jaurlaritzari egotzi dio heriotza horien erantzukizuna eta «mendekuzko justizian, itxialdian eta zigorrean» oinarritutako politika ezartzen jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.