EUSKAL PRESOAK

Salatu dute Espainiak Jaione Jauregiren behin-behineko espetxealdia luzatu nahi duela

2020ko azaroaren 22an Espainiaratu zuten, eta, bere sostengu taldeak jakinarazi duenez, Espainiak beste euroagindu bat eskatu du haren aurka; horrek luzatu egingo luke amaitzear behar lukeen espetxealdia.

Jaione Jauregi, ezkerrean, artxiboko irudian. BERRIA
jon olano
2022ko urriaren 13a
16:14
Entzun

Jaione Jauregik bi urte egingo ditu aurki behin-behineko espetxealdian. 2020ko azaroaren 22an Espainiaratu zuten, 1981ean Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hil izana egotzita. Harrezkero, ez dute auzibidean zigortu, eta, beraz, datorren hilabetean aske geratu beharko luke. Baina, bere babes taldeak jakinarazi duenez, Espainiak orain haren aurkako euroagindu bat eskatu du; onartuz gero, behin-behineko espetxealdia luzatuko litzaioke.

Jauregi Madrilen dago preso. Leporatzen dioten delitutik 41 urte igaro dira —hogei urteren buruan preskribatzen dira halako kasuak—, eta 2005era arte ez zen Jauregiren izenik aipatu prozeduran. Haren babeserako taldeak ohar batean azaldu du ez dagoela haren aurkako frogarik, preso batzuek Poliziaren galdeketetan eta abokaturik gabe inkomunikazio aldian eginiko deklarazioak baino ez daudela haren kontra. Era berean, gogorarazi dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aurtengo urtarrilean emandako epaia; horren arabera, inkomunikazio aldiko deklarazioak ezin dira erabili akusazio gisa.

Jauregi Espainiaratu zutenean, 1981eko beste atentatu batean parte hartu izana egotzi zioten, eta, nazioarteko legeriaren arabera, ez zutenez delitu horregatik estraditatu, Jauregi auzipetu dezakete, baina ez zigortu.

Hori horrela, Espainiak euroagindu bat eskatu zuen haren kontra aurtengo apirilaren 8an, eta eskakizun hori Ganteko Auzitegian aurkeztuko dute urriaren 19an. Horren aurrean, babes taldeak Espainiako botere judizialari eskatu dio behin-behineko espetxealdia amaitzeko eta Jauregi askatzeko. Era berean, epaiketa justu bat eskatu dute harentzat. Gainera, Ganteko Auzitegiari eskatu diote euroagindu eskaera baztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.