Salatu dute Durangoko Udalean euskara teknikariaren postua kendu nahi dutela

EH Bilduren arabera, abenduan erretiroa hartu zuen euskara teknikariak, eta ordezkorik gabe daude harrezkero. Udalak asmoa du herrigintzako koordinatzaile teknikari postua sortzeko.

Durangoko udaletxea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Durangoko udaletxea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko otsailaren 12a
17:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Anboto hedabideak jakinarazi duenez, Durango (Bizkaia) euskara teknikaririk gabe dago abendutik; teknikariak erretiroa hartu zuen orduan, eta ez dute ordezkorik jarri harrezkero. EH Bilduk eman du egoeraren berri, ohar batean: «Euskara teknikariaren figura kentzea, eta herritarren batzordeko koordinazio teknikari postu bat sortzea da udal gobernuaren asmoa». Paule Sanchez Euskara zinegotziak esan du euskara teknikari postuaren ordez herrigintzako koordinatzaile teknikari izateko postua sortuko dutela.

EH Bildu ez dago ados: «Euskara teknikariaren lana kudeaketa lan soil bat baino gehiago da. Eragiletza lana izan behar da, eta, orain arte bezala, esklusiboki lan horretaz arduratuko den pertsona bat izatea eskatzen dugu». Izan ere, lanpostu berrian, euskararen sustapena urardotuta geratuko delakoan daude: «Euskara teknikariaren ardura ezin da izan herritarren saileko koordinazio teknikari baten bigarren mailako zeregin bat». Eta uste dute erretiroaren aurretik jada erabakia zutela herria euskara teknikaririk gabe uztea: «Euskara teknikariaren postua ezabatzea jasoa dute EAJk, PSEk eta PPk onartu zituzten 2025eko udal aurrekontuetan».

Aldiz, udal gobernuaren erabakia defendatu du Sanchezek: «Durangoko udal gobernuarentzat euskara sustatzea lehentasunezko konpromisoa da, eta, horregatik, euskara teknikariaren postua ez da ezabatzen; egungo beharrizanei egokitzen zaion eredu berri baten barruan berregituratzen da». Azaldu du lanpostu berria baliagarria izango dela euskara «zeharkakotasunez» lantzeko: «Herrigintzako koordinatzaile teknikariaren figura sortzeak ez du euskararen kudeaketa bigarren mailan uzten; aitzitik, pertsona honek euskara eta hezkuntza arloetako ardura zuzena izango du, ikuspegi estrategiko integralago bategaz. Euskara oinarrizkoa da, eta zeharkakotasunez landua izan dadin eman da pausoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.