Hautsak harrotuta daude Burlatan (Nafarroa). Gazte asanbladak salatu duenez, herriko gaztetxea «berehala» husteko arriskua dago, udalak atzorako jarri baitzuen hura husteko epea; borondate falta egotzi diote. Kontrara, udalak ziurtatu du —EH Bildu, Zurekin Aldatu eta Geroa Bai daude agintean— egoitza gisa erabiltzeko lokal bat eta biltegi bat eskaini dietela, baita bestelako jarduerak egiteko zenbait eremu publiko ere, baina gaztetxekoek ez dutela onartu. Halaber, ziurtatu dute egungo gunea ez dutela «indarrez» hustuko.
Ikusi gehiago
Gazte asanbladak udalaren jarreraren aurka egin du, irmo, ohar bidez. Haien esanetan, saiatu dira udalarekin ados jartzen, eta, bide horretan, gaztetxeak bizirik irauteko baldintza «minimoak» helarazi dizkiote udalari. Ordea, gaitzetsi dute udalak ez duela «borondatea aldatu». Ez daude udalarekin ados, bi arrazoirengatik nagusiki. Batetik, haien arabera, «oso epe laburrerako» eskaintza egin diete, eta, gainera, behin epe hori amaituta, baliteke udalak asanblada kanporatzea emandako lokal horietatik, «gune horretarako proiektu alternatibo bat egoteko beharrik gabe». Bestalde, ziurtatu dute «asanbladaren propagandarako eskubidea» baldintzatu nahi dietela: «Gure eskubide politikoak urratzeko erabakia berretsi du, eta ez du bermerik eman jaietan txosnagunea egon dadin».
Horiek horrela, nabarmendu dute ez dutela gaztetxea utziko «gaztetxeko proiektuaren desagerpena ekiditeko baldintza minimoak egon ezean». Eta zera ohartarazi dute: «baliabide guztiak» erabiliko dituztela hustu ez dezaten.
Hitzetatik ekintzetara pasatuta, atzo beren burua kateatu zuten bi gaztek udaletxean, eta bertan igaro dute gaua; gainera, beste zenbaitek kanpaldia egin dute Udaletxe plazan, babesa adierazteko. Gaur goizetik auzolanean ari dira plazan, «gaztetxearen aldeko borroka defendatzeko». Protestak 24 ordu bete dituenean, hura amaitutzat ematea erabaki dute gazteek, eta kateatuta zeuden lekutik jaitsi dira, suhiltzaileek kateak moztu ondoren. Udaletxe aurrean zeudenek txalo artean hartu dituzte protestan aritutako bi gazteak.
Protesta amaitu aurretik, udalak adierazia zuen «errespetatu» egiten zuela kateatutako gazteen jarrera, eta haien esanetara zegoela suhiltzaileei deitzeko eta askatzeko «beharrezko kudeaketak» egiteko, gazteek hala eskatuz gero: «Udalak aukera eman die hala erabakitzen dutenean askatzeko, ekintza horrek ez baitu aldatzen erakundearen funtzionamendu normala, eta kateatuta egoteko duten borondatea errespetatu du. Protesta legitimoa da, errespetatzen dugu, baina ez dugu ulertzen zergatik ari diren horrela jokatzen».
Eraistea, uholdeei aurre egiteko
Izan ere, udalaren bertsioa eta gaztetxeari buruzko gatazkaz daukan iritzia oso bestelakoak dira. Haien esanetan, ez dute gaztetxea «indarrez» hustuko, eta horren berri badute gaztetxekoek ere. Kontrara, ziurtatu dute saiatuko direla berriz ere gazteekin ados jartzen: «Berriro diogu: udal honek hitz egiten jarraitzeko borondatea du». Diotenez, urtebete baino gehiago daramate bilerak egiten, eta bederatzi aldiz batu dira formalki. Gainera, ziurtatu dute alternatibak eskaini dizkietela: egoitza gisa erabiltzeko lokal bat, biltegi bat, eta beste toki publiko batzuk, urtean zehar ekintzak antolatu ahal izateko.
Esan dutenez, oraingoz ez dute lortu ados jartzea, saiatu diren arren: «Hitzarmenerako bost proposamen eta kontraproposamen daude mahai gainean; aipatzen dute udalak haiek proposatzen duten hitzarmena sinatu behar duela». Ordea, azaldu dute horrelako hitzarmen batek osoko bilkuratik pasatu behar duela eta aldeko 11 boto behar dituela.
Gaztetxea eraisteko arrazoiak ere azaldu dituzte. Haien esanetan, ezin dute egungo tokian jarraitu, Nogalera 2025 proiektua aurrera eramatea «arriskuan» jartzen duelako. Uholdeei aurre egiteko plana da, eta zera du xede: Arga ibaiak gainezka egiten duenean uholdeen ondorioak arintzea. Udalaren esanetan, herriarentzako proiektu «garrantzitsua» da, «erabakigarria» baita uholdeak daudenean arriskuak murrizteko.