Bilboko Txurdinaga Behekoa institutuko zuzendaritzak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ikastetxea itxi asmo du. Azaldu dutenez, aurreko astean Hezkuntza Saileko lurralde ordezkariak bilera batera deitu zituen, eta zera jakinarazi zieten: ikastetxea «desagertu» egingo dela eta ikasleek alde egin beharko dutela datorren ikasturterako, «haiek birkokatzeko plangintzarik egin gabe». Jakinarazi diete eraikinak hutsik geratu behar duela ekainaren 30erako. Zuzendaritzaren arabera, eraikina Lanbide Heziketarako erabiliko dute aurrerantzean. Eusko Jaurlaritzak BERRIAri ziurtatu dio ez dutela itxiko eskola. Bihar batzar irekia egingo dute.
Gaur egun, eskaintza zabala du zentroak. Zuzendaritzaren arabera, hau guztia eskaintzen duen ikastetxe bakarra dira: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; bi hizkuntza eredu —A eta D eredua dituzte—; Batxilergoko lau modalitate —Zientziak eta Teknologia, Giza eta Gizarte Zientziak, Arte Plastikoak eta Musika eta Arte Eszenikoak—; eta diseinuarekin lotutako goi mailako heziketa ziklo bat. Halaber, diotenez, Arte Batxilergoko Musika eta Arte Eszenikoak adarra ezin da gazteleraz beste inon ikasi. «Urteetako proiektu baten emaitza da», adierazi dute.
Halaber, nabarmendu dutenez, askotariko ikasleak jasotzen dituzte, profil «berezia eta aberatsa» dutenak: «Txurdinaga Behekoak betidanik erantzun dio aniztasunari, eta zentroko kide izatea barru-barruan sentitzen duen komunitate bat sortu du».