Salatu dute bazterkeria egoerak «gero eta konplexuagoak» direla

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Caritas elkarteek 2022ko memoriak aurkeztu dituzte. 34.000 lagun baino gehiago artatu zituzten, eta, horretarako, ia zazpi milioi euro erabili

Caritasek Arabako memoria aurkeztu zuen atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorio sozial eta ekonomikoak gainditu eta ekonomia «susperraldian» sartu bada ere, gizartearen parte batek «pobrezia eta kalteberatasun kate batean» harrapatuta jarraitzen du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Caritas elkarteek 2022ko memoriak aurkeztu zituzten atzo, eta, ohartarazi zutenez, bazterkeria egoerak «gero eta konplexuagoak» dira, nahiz eta «ikusezin» bilakatu diren gizartearentzat. Zehazki, pobrezia, eta bereziki pobrezia larria, «ikusezin» egiten ari dela salatu zuten.

«Hobeto gaude, baina lehendik gaizki zegoena askoz okerrago dago orain», adierazi zuen Ramon Ibeasek, Arabako Caritaseko idazkari nagusiak. Azken urteetan hainbat familiak babesik gabeko egoera gainditu badute ere, bere horretan dirau «sistemak atzean utzi dituen familien egoera larriak», eta are «zailagoa» da haien errealitatea, Ibeasek azpimarratu zuenez. Horra datua: iaz %42 egin zuen gora Caritasek artatutako pertsonei egindako elkarrizketa kopuruak. «Arazoak sakonagoak direnez, ez dira elkarrizketa bakar batean konpontzen. Etengabe esku hartu behar dugu».

2022an 34.288 lagunek jo zuten laguntza bila Caritasera, aurreko urtean baino bi mila gehiagok, eta, Ibeasen aburuz, igoera hori «oso albiste txarra» da. Hain zuzen ere, gero eta jende gehiago gerturatzen zaiela azaldu du, baina, bereziki, pobreziatik atera ezinik denbora daramatenak dira Caritaseko zerbitzuetara jotzen duten gehienak, eta zerbitzu horiek hilabeteetan erabiltzen dituztenak. Herrialdeka, Arabako Caritasek 5.133 pertsona artatu zituen 2022an; Bizkaikoak, 11.900 lagun; eta Gipuzkoakoak, 17.213. Hiru lurraldeak kontuan hartuta, guztira, 6,9 milioi eurotik gora banatu zituen Caritasek, pandemiaren aurreko kopurua halako bi.

Eman zituzten datuei so, ez da askorik aldatu Caritasera laguntza eske doazenen profila: bakarrik dauden emakumezko etorkinak dira gehienak. Iaz Caritasek artatutako hamar lagunetik ia sei emakumezkoak izan ziren. Lanean zein familian, zaintzaren esparruan aritzen diren andrazkoek jo zuten Caritasera.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Caritasek urteko memorian nabarmendu dutenez, gizarte arrakala handitu egin da azken urtean, eta jatorriak, adinak eta sexuak «pisu handia» dute pobreziaren kronifikazioan. «Pobreziak emakume immigrantearen aurpegia du», azaldu zuenIbeasek. Horren erakusgarri da Arabako Caritasek emandako datu bat: joan den urtean artatutakoen %66 emakumeak ziren, eta %27k ez zuten bizitzeko eta lan egiteko baimenik.

Ibeasen aburuz, Espainiako Atzerritarren Legeak zuzen-zuzenean du eragina bazterketa egoera askotan, atzerritik datozenek batez beste hiru urtez itxaron behar izaten baitute lan egin ahal izateko. «Gizatasunik gabea da, eta erabateko segurtasunik eza eragiten die pertsona horiei beren bizitzari eta aukerei dagokienez». Caritaseko arduradunaren iritziz, beharrezkoa da lege hori «sakonki» aldatzea, pertsona horiek erregularizatzeko baldintzak «malgutzeko»,«benetako integrazioa» bermatzeko eta gizarteratzeko aukerak zabaltzeko.

Enplegua eta etxea

Caritaseko arduradunen iritziz, enplegua eta etxea dira gizarte inklusiorako faktore nagusiak, baina oraindik ere horiek eskuratzeko zailtasunak dituzte elkartera laguntza bila doazen pertsonek. Enpleguari dagokionez, nabarmendu zuten nekeza dela oraindik «lan duina» eskuratzea, bai bertakoentzat, bai erregularizatutako migratzaileentzat, eta enplegua lortzeak ez dakarrela nahitaez bizi kalitatea hobetzea.

Etxebizitzaren arazoari ere jarri dio arreta Caritasek memorietan, bereziki etxebizitzari eusteko ezintasunari. Elkarteak azpimarratu du gizarte arrakalan sakontzen duen faktore bat dela: «Ordaintzeko aukera duenak etxea eskuratzen du, eta ezin duena bizi maila egokitik kanpo geratzen da».

Ohartarazi dute, gainera, etxea ordaintzeko zailtasuna are handiagoa dela jatorria dela-eta bazterturik daudenentzat, eta, besteak beste, salatu dute erroldaturik egotea ezinbesteko bilakatu delako pertsona horiek «oinarrizko eskubide batzuk eskura ditzaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.