Salatu dute azken asteetan etxerik gabeko hiru lagun hil direla Bizkaian

Joan den astean emakume bat hil zen Santurtzin; aurreko asteetan, beste bi gizon, Bilbon. «Porrota kolektiboa» dela salatu du Bestebi plataformak.

Bestebi plataformaren elkarretaratze bat Bilbon, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko ekainaren 23a
20:36
Entzun

Etxerik ez zuen emakume bat parke batean hilda aurkitu zuten pasa den astean Santurtzin (Bizkaia). Kalean bizi ziren beste bi gizon– Mohamed eta Iñaki– duela aste batzuk hil ziren, Bilbon. Etxerik gabeko pertsonen alde lanean diharduen Bestebi plataformak egin du salaketa, ohar batean. Zendutako pertsonen familia eta lagunen doluarekin bat egin du, eta salaketa ozendu: «Etxerik gabeko pertsona bat gure lurraldeko kaleetan hiltzen denean, porrota kolektiboa da».

Etxegabeak ikusarazteko eta haiei laguntzeko plataforma da Bestebi. 22 eragilek osatzen dute, eta etxegabeen egoerari aurre egiteko baliabideak falta direla uste dute. Eta, horregatik, «gizarte bidezkoago» baten alde erantzukizunez jokatzera deitu ditu gizartea eta instituzio publikoak. «Ez dugu hiru pertsona horien heriotza saihestezinak bezala onartu nahi». Bestebi plataformako kideen iritziz, «porrot kolektiboa» da pertsona batzuk kalean bizi behar bizi izatea, eta gizarte osoak bere gain hartu beharko luke haien «sufrimenduaren» erantzukizuna.

Bereziki instituzio publikoei zuzendu diete mezua, etxerik gabeko pertsonen arretarako estrategia ontzen dutenean, hainbat premia aintzat hartzeko eskatzeko. Batetik, galdegin diete hirugarren sektorearekin elkarlanean lantzeko estrategia hori, eta aurrekontu nahikoa bideratzeko, «beharrezkoak diren zerbitzuak eta jarduerak garatu ahal izateko».

Halaber, etxerik gabeko pertsonen arta Bilbon, Donostian eta Gasteizen ez ezik, lurralde guztietara zabaltzeko eta lurralde bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatzeko eskatu du plataformak. Genero ikuspegia kontuan hartzeko ere galdegin dute plataformakoek: zehazki, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako estrategia emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ikuspegitik lantzeko, eta genero aldagaia aintzat hartuta jarraipen eta ebaluazio sistema sortzeko.

2020ko martxoko datuen arabera, 3.000 pertsona inguru daude egun etxerik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gizarte bazterkeria «egiturazko fenomeno gero eta handiagoa» dela salatu dute plataformako kideek eta euskal gizarteari eskatu die etxerik gabekoenganako begirada zabaltzeko, «ikusezin bilakatu ez daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.