«Salatu dut ni izan nendin azkena hori jasaten; ezin gara egon beldurrarekin»

Irati Rusiñol hendaiarrak gizon batengandik jasan duen jazarpena salatu du publikoki, baita polizia etxean ere. Jakinarazi du beste 30 emazteren lekukotasunak bildu dituela gizon horren kontra. Batek bortxatua izan dela ere dio.

Itaiak herenegun egindako elkarretaratzea, Hendaian. GUILLAUME FAUVEAU
Itaiak herenegun egindako elkarretaratzea, Hendaian. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Irati Rusiñol hendaiarrak azken asteetan gibeletik jazartzen ibili zaion gizon bat salatu du polizia etxean, jasaten zuen jazarpenagatik ezin zuelako gehiago. Facebooken jazartzaile horren berri zabaldu orduko, beste 30 emakumek lekukotasunak bidali dizkiotela jakinarazi du gainera. Mota bereko jazarpenak jasan lituzketen emazteak, eta horietarik batek bortxatua izan zela ere esan dio. Bizkitartean, momentuko, salaketa Rusiñolek bakarrik du jarria polizia etxean. Itaia mugimenduak elkarretaratzea egin zuen herenegun, Hendaian (Lapurdi), jazarpen hori eta indarkeria matxista oro salatzeko.

Azaroaren 15ean, bizi den auzoko supermerkatuan hurbildu zitzaion gizona, Rusiñolek kontatu duenez. Erreflexologoa zela zioen karta bat eman zion gizonak eskura. «Momentuan ez dut sobera ulertu zer zen hori». Supermerkatutik ateratzean karta botatzekoa zen. Rusiñol ofizioz masaje emailea da, eta erreflexologia ere erabiltzen du. Ohartu zelarik kartan zer idatzia zen, itzuli zen gizonarengana.

Solasean egon ziren oren batez edo, eta Rusiñolek deliberatu zuen etxera sartzeko tenorea zuela. «Baina beretako oso zaila bilakatu zen onartzea, eta hasi zitzaidan erraten bere etxera joateko afaltzera, gomitatzen ninduela... Behin eta berriz erraten zidan eta besarkadak ematen zizkidan». Rusiñolek dio egoera bitxia zitzaiola, baina pentsatu zuela: «Gaixoa, afekzio faltan daiteke». Baina, gizona muxu ematen entseatu zen behin baino gehiagotan, eta Rusiñolek, ataka horretarik ateratzeko, erran zion aski zuela etxerainoko bidea harekin egitea eta gero elkar agurtuko zutela. «Ez nuen oraino ulertua arazo bat zeukala tipo horrek». Onginahi berarekin, bere telefono zenbakia ere bidali zion.

Gau berean gizonak telefonoz deitu ziola erran du Rusiñolek. «Hasi zitzaidan zituen harreman sexualei buruz mintzatzen. Harekin harreman sexualak ukanez ene iraganeko minak sendatzen ahal zituela... Horretan egin nuen: ‘Ui, ui, baina zer erorekin nago hizketan, hor?’». Biharamunean berriz deituko zuela erran zion Rusiñolek, eta telefono deia gelditu zuten. Biharamun goizetik hasi zitzaion gizona mezu igortzen. Hendaiarrak kontatu du bera lanean zela eta gizonak bideo bat bidali ziola erakusteko bizikleta errota hautsi zuela. Gero gizona deika aritu zitzaion.

Lana bururatuta Rusiñolek deitu zuen gizona, errateko akitua zela eta nahiago zuela elkar ez ikustea. «Segituan hasi zen agresibo jartzen». Rusiñolek erran zion aski zela, eta horretan utzi nahi zuela dena. «Dezibelak eta agresibitatea gora joan zitzaizkion, eta horretan esan nion: ‘Segitzen baduzu, blokeatuko zaitut!’». Horretan utzi, baina gizona berriz entseatu omen zen Whatsappetik deitzen. «Hor bai blokeatu nuen». Telefonoz entseatu zen berriz, eta hor ere blokeatu zuen.

Gizona tematu zen zenbaki pribatuak erabiliz, eta, azkenean, Rusiñolek erantzun zuen, eta erran: «Segitzen baduzu deitzen, Poliziari salatuko zaitut. Hitzez hitz erantzun dit hau: ‘Prostituta bat zara!’». Rusiñolek gogoratu du jazarpenak segitu zuela bere Facebook eta Instagram kontuetatik, bai pertsonala, bai profesionala. Baita helbide elektronikotik ere, nahiz ez dakien gizonak nondik lortu zituen helbidea.

[Poliziei] «Galdegin nien, faborez zerbait egiten ahal zutenetz, tipoak bazekiela non bizi nintzen, baina erantzun zidaten: ‘Gizona ez bada zure etxe azpira agertzen, guk ezin dugu ezer egin!’»

IRATI RUSIÑOLJazarpenaren biktima

Rusiñolek berehala deitu zuen poliziaren 17 zenbakira jakiteko zer egin zezakeen. «Ostiral gaua zen, eta esan zidaten astelehenean joan behar nuela salaketa jartzera». Hendaiako polizia etxera joan zen astelehenean, baina erran zioten Donibane Lohizunekora (Lapurdi) joateko. Rusiñol biharamunean joan ahal izan zen hara. «Galdegin nien, faborez, zerbait egiten ahal zutenez, tipoak bazekiela non bizi nintzen, baina erantzun zidaten: ‘Gizona ez bada zure etxe azpira agertzen, guk ezin dugu ezer egin!’». Ohargarri da, halere, salaketa gisa hartu ziotela, eta ez gertakari liburuan sartzeko jakinarazpen soil gisa.

Beste 30 emazteren mezuak

Poliziari deitu zion lehen aldi hartan, Rusiñolek bere Facebook orrian publikazio bat egin zuen, gizona nor zer erranez, eta izan zituzten mezu trukatzeen irudiak agertuz. Gizon arriskutsua zela jakinarazteko moldea zitzaion.

Publikazioa egin eta hiru egun barne, hogeita hamar emazteren mezuak errezibitu zituen Rusiñolek: «Haiek ere arazo berdinak izan zituztela gizon horrekin, eta bat okerrago: emakumeetarik bat bortxatua izan da». Bizkitartean, ez du biktima horietarik bakarrak salaketa jarri polizia etxean. «Animatu ditut salaketa jartzera, eta esan didate ez zirela animatzen bakarrik egitera». Laguntzea proposaturik ere, ez dute nahi ukan. «Amorru pixka bat ematen dit», erran du Rusiñolek, baina aldi berean ulertzen du. «Lotsagatik ez dute egiten; epaituak ez sentitzeko. Eta agian beldurragatik; nork daki gizon horrek zer egin dezakeen».

Facebooken gizon beraren biktima talde baten gisakoa sortu da, alta, Rusiñolen mezutik. «Hasieran kontsolatu nau, eta sentitu naiz sostengatua». Ez zen bakarrik. Beste biktima batzuek ere partekatu zituzten gizon horrekin izan zituzten mezu trukeak. Baina, mezu trukatze soila egon da, eta «ez zer edo zer egiteko benetan». Horiek horrela, ez du damurik eginik, helburua baitzen sostengu zerbait sentitzea, eta, oroz gainetik, jendeari kasu egiteko erratea: «Salatu dut ni izan nendin azkena hori jasaten. Ezin gara egon beldurrarekin».

Geroztik, behin gertatu da supermerkatu berean gizon horrekin, eta Rusiñol berehala lekutu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.