Hunkitu egin da Pedro Jose Frances (Buñuel, Nafarroa, 1957),1936an sorterrian hil zituzten 52 pertsonei buruz hitz egiten hasi eta berehala. «Egin zietenak egunero hunkitzen nau. Maite ditut. Eta beti eginen dut haien alde». 2010ean argitaratu zuen Buñuelgo 1936ko sarraskiari buruzko lehen liburua: Buñuel, verano de 1936. De la esperanza al terror (Buñuel, 1936ko uda. Itxaropenetik izura). Geroztik, lanean segitu du.
2011. urtean antolatu zenuen, lehendabizikoz, 1936an hildakoak omentzeko ekitaldia. Nola hartu zuen herriak?
Omenaldiarekin nire asmoa da 1936ko abuztuaren 26an frankistek egindako bidea gogora ekartzea. Kamioi batekin etxez etxe joan ziren, eta herriko 26 gazte eraman zituzten, hiltzeko. 2011n, gertaera horiek gogora ekartzeko ekitaldi bat egiteko aukera hutsak hotzikarak eragiten zituen Buñuelen. Baina egin genuen. Arratsalde hartan, herria itxi egin zuten. Inor ez zegoen karrikan. Leihoak itxi egin zituzten. Isiltasuna eta beldurra nagusitu ziren.
Hala ere, urtero egin duzu. Aldatu dira gauzak?
Herriko gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Bestetan egiten dugu orain, gainera, eta egun horietan herritik kanpo bizi den jendea ere Buñuelen egoten da, eta jende gehiagok parte hartzen du. Orain, etxeko atean gelditzen direnek ere errespetuz egiten digute so.
Zergatik da hain nabarmena herrian gertatu zenari buruzko isiltasuna?
Beldurra bada. 1936ko krimenak egin zituztenen oinordekoek herrian segitzen dute. Eta ez dute gertatu zena onartu ere egin. Buñuelgo 1935eko eta 1941eko errolden arteko aldea 900 pertsonakoa da. Biktimen senideek herritik alde egin behar izan zuten.
Isiltasunari liburuekin egin diezu zuk aurre. 2010. urtean argitaratu zenuen lehenengoa, herrian gertatukoari buruz.
Idazteko beharra dut. 1936an nire herrian gertatu zenak erabat hunkitu nau. Hil zituzten pertsona horiek, batez ere alkatea eta idazkaria, zintzoak eta argiak ziren, pertsona duinak. Eta egun batetik bertzera, denak hil egin zituzten. Eta gaur egun, oraindik ere, Buñuelgo alkatearen ahotik entzun behar dut herriko gizon horiek ez zituztela hil. Hil egin zirela. Oraindik ezin izan dut azken liburua nire herrian aurkeztu, eta hori gogorra eta adierazgarria da.
La canalla de 1936 da azken liburu hori. Zer kontatu duzu?
Nire lehendabiziko liburuan herriko gizonak hil zituztenei buruz idatzi nuen. Azkenekoan, berriz, aginduak eman zituztenen inguruan aritu naiz. Nik uste dut nafarrek barkamena eskatu behar dutela. Nik uste dut, gainera, Nafarroan gauzak ezberdin gertatu izan balira, altxamenduak ez lukeela bide luzea egin izanen. Ni ez naiz historialaria, eta historialariak, ziur aski, ez dira nirekin ados egonen. Historialariek gerra zibila aipatzen dute beti. Baina 1936koa ez zen halakoa izan. Frankistak altxatu egin ziren, eta handik bi hilabetera, gerra adierazi zioten herriari.
Gertatu zena onartzeko beharra aipatu duzu. Zu salaketak aurkezten hasi zara. Zer lortu nahi duzu horien bidez?
1936an gertatu zena salatzen ari naiz, bai, Guardia Zibilaren aurrean. Gertatu ziren hilketak banan-banan salatzen ari naiz, gertatu ziren egunetan. Bederatzi aurkeztu ditut jada. Denera, 52 pertsona hil zituzten herrian. Horietako hainbaten gorpuak ez dira agertu, oraindik ere.
Aurrera egin dezakete salaketa horiek?
Guardia Zibilak onartu, eta epaitegira bidali ditu. Legez errudunak ezin izanen dituzte zigortu, baina balio dezatela, behintzat, gure herriko gizon horiek hil zituztela onar dezaten. Epaileek erran dezatela hil egin zituztela. Modu sinbolikoan ere indar handia izaten ahal dutela uste dut. Egungo alkatearen aurkako salaketa ere jarriko dut.
Zergatik?
1936. urtean gertatu zena ez onartzeagatik. Nire ikerketa lana oztopatzen saiatu da, gainera, hamaika aldiz. Ez zidan udaletxean sartzen utzi nahi. Arartekoarengana jo nuen, eta nire alde egin zuen. Epaileek ere bai.
Zure kontra ere egin du udalak, ezta?
Bai, herrian gertatu zena gogoratzeko plaka jartzeagatik. 800 euroko isuna jarri zidaten, baina helegitea aurkeztu, eta errugabetzat jo ninduten.
Eta plaka jarri duzu berriz.
Bai. Herriko plazan jarri dut, Errepublikaren plaza leloarekin. 1936ko biktimen alde egiteko modu bat da. Aldarrikapen gisa jarri dut. Ez da herriko plakak bezalakoa. Argi dago, beraz, ez dela plaka ofiziala. Nire asmoa ez da jendea nahastea, herrian gertatu zena gogoratzea baizik.
Kentzeko eskatu dizute?
Bai. Baina nik ez dut kenduko. Eta udalak kentzen badu, bertze bat paratuko dut. Liskarrean aritzeko gogoz dira.
Udalak ez du zure plaka nahi, baina erorien omenezko gurutzeari eutsi nahi dio, ordea.
Bai. Biktima baten senitarteko batek epaitegietara eraman zuen auzia, gurutzea kentzea nahi zuelako. Baina gauzak ez ziren ongi egin, eta bide horrek ez zuen emaitzarik eman. Orain sinadurak biltzen ari gara. 10.000 lortu nahi ditugu. 1.000 ditugu jada, eta banan-banan bidali ditut udaletxera. Lotsagarria da gurutze hori herrian egotea.
Nafarroako Parlamentuak memoriaren legea onartu zuen iaz. Zer deritzozu?
Ez duela deusetarako balioko. Auziaren azalean gelditzen da, sakoneko gaiak ez ditu ukitzen.
Zer lortu nahiko duzu Buñuelen?
Onar dezatela gertatu zena. Herriak gogoratu behar ditu hil zituztenak. Alfonso Markina alkateak eta bertze biktimek monumentua merezi dute, gutxienez.
Pedro Jose Frances. Idazlea
«Salaketek balio dezatela hil egin zituztela onar dezaten»
1936ko uda beltza izan zen Buñuelen. 52 pertsona hil zituzten Nafarroako herri horretan. Gaur gogoratu egingo dituzte: etxez etxe. Pedro Jose Frances idazleak antolatu du omenaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu