Aurreko astean Atxiloketa gehiago ez! Tortura amaitu! agiria aurkeztu zuten eragile politiko, sindikal eta sozialek aurreko astean izan ziren tortura salaketak nazioartera eramateko konpromisoa erakutsi dute gaur, Bilbon. Eragile horien artean daude ezker abertzalea, EA, Alternatiba, LAB, Hiru, EHNE, ESK eta EILAS, beste batzuren artean, eta zehazki Nazioarteko Harreman Taldeari eramango dizkiotela esan dute.
Bide batez, datorren astelehenerako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean elkartzera deitu dute. Agiria sinatu zutenek Espainiako Gobernuari errepresioa amaitzeko eskatu diote gaur. Goizean egin den agerraldian eragile horietako ordezkariekin batera izan dira aurreko astean atxilotu zituztenen senideak, eta Beatriz Etxebarriaren anaia batek bere arrebak egin zuen tortura salaketaren zenbait pasarte irakurri ditu.