Salaketa jartzen ez duten indarkeria matxistaren biktimak ere babestearen alde agertu da Subijana

Indarkeria matxistaren biktimen «zaurgarritasuna» kontuan hartuta, babes publikoa eman beharko litzaieke biktima denei, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan duenez.

Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko abenduaren 4a
14:08
Entzun

Indarkeria matxistaren biktimen babesa handitzearen alde egin du gaur Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak. Haren ustez, babes publikoa bermatu egin behar zaie bortxa matxista pairatuta ere erasotzailea salatzeari uko egiten dioten emakumeei, eta baita salaketa kentzea erabakitzen duten andreei ere. «Nire iritziz, indarkeria matxistaren biktimen babes publikoa bermatu behar da, baita babes hori eskatzen ez duten emakumeen kasuetan ere. Ahalegin bat egin behar da», adierazi du.

Subijanak azaldu duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusia lanean ari da salaketa jartzen ez duten, edo salaketa jarri baina erretiratzen duten emakumeei laguntza eta salaketa ipintzeko informazioa eskaintzeko. Haren esanetan, indarkeria matxistaren biktimak «oso zaurgarriak» dira, erasotzailearekiko «menpekotasun handia» izaten dute, eta, sarritan, salaketan atzera egitea erabakitzen dute. Hori dela eta, haren ustez, babesa eman behar zaie den-denei.

Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok Subijanak, EAEko Justizia Auzitegiaren iazko memoriaren aurkezpenean. Indarkeria matxistaren biktimak babeste aldera justiziak duen egitekoaz galdetu diote EH Bilduk eta EAJk Subijanari, iragan larunbatean Pasai Antxon (Gipuzkoa) izandako hilketa matxistaren ondotik biktimaren salaketak jarraitu zuen bide judiziala eta instituzionala zalantzan jarri baita.

Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Pasaiako hilketak bistan jarri du indarkeria matxistaren biktimentzako babes sistemak «arrakala izugarriak» dituela, ezinbestekoa dela akatsak identifikatzea, salaketek egiten duten bidea «berrikustea» eta «egiturazkoak» diren arazoei nola aurre egin aztertzea. Markel Aranburu EAJko legebiltzarkideak, berriz, Espainiako Barne Ministerioak duen Viogen Dos sistemaren eta Ertzaintzaren Eba sistemaren «elkarreragingarritasunaz» balorazioa eskatu dio Subijanari.

«Indarkeria matxistaren biktimak oso zaurgarriak dira, erasotzailearekiko menpekotasun handia izaten dute, eta, sarritan, salaketan atzera egitea erabakitzen dute»

IÑAKI SUBIJANAEAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea

EAEko Justizia Auzitegiko presidenteak gogora ekarri du genero indarkeriari edo sexu indarkeriari lotutako kasuak ugaritzen ari direla, baina aztertu egin behar dela arrazoia ote den delitu kopurua igo dela, ala salaketak aurkezteko kontzientzia maila handitu dela. Edozein kasutan, iritzi dio «oso albiste ona» dela Espainiako Barne Ministerioaren eta Ertzaintzaren artean era koordinatuan jardutea.

Epaitegien lan karga

Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako epaitegietan lau eta zortzi hilabete arteko lan atzerapena dago; bereziki zibil eta zigor arloetako auzitegietan dute lan kargarik handiena, Subijanak jakinarazi duenez. Azaldu du lan pilaketak justizia sistema osoari eragiten diola, eta «okerrera» egin duela azken urtean. «Ezinezkoa zaigu erregistratzen diren auzi guztiak ebaztea», ohartarazi du. Bereziki zibil arloko epaitegietan nozitzen dute atzerapena, hau da, herritarren arteko liskarren inguruan ebatzi behar duten arloetan. Esan duenez, hain justu, arlo horretako epaitegiak daude «gainezka», haien esku daudelako zoru klausulei lotutako auziak.

Subijanak azaldu du auzibide guztiei heltzeko behar adina epaile ez dagoela: Euskal Autonomia Erkidegoan, 100.000 biztanleko epaile tasa Europako batezbestekoa baino zazpi puntu azpitik dago gaur egun. Arazoa are gehiago okertu da «lan zama handien ondorioz», epaileen gaixoaldi, eszedentzia eta borondatezko erretiroen kopurua ere handitu egin delako.

Botere judiziala Espainiako eskumena denez, hari dagokio epaile kopurua handitzeko erabakia. Hala ere, Subijanak Eusko Legebiltzarrari eskatu dio bere esku dagoen guztia egin dezala erabaki hori bizkortu dadin.

Lan pilaketa arintzeko bideen artean, Subijanak lehentasuntzat jo du justizia errestauratiboaren aldeko pausoak ematen jarraitzea. EAEk badu justizia errestauratiboko zerbitzu publiko bat, zeinaren bidez zigorraren betearazpena bertan behera utz daiteke, egindako kaltearen erreparazioari lotutako jarduerekin ordezkatuta —erreparazioak ez du zertan ekonomikoa izan, sinbolikoa ere izan daiteke, edo prestazio bidezkoa, biktimak bere premietatik hala ebazten badu—. Zerbitzu hori garatzeko bidean da oraindik, eta pauso gehiago ematen jarraituko dute datozen urteetan.

Justizia euskalduntzeko urratsen inguruan, berriz, nabarmendu du ahalegina egiten ari direla elebitasuna barneratzeko, eta adibide gisa jarri du epaile elebidunen kopurua hazten ari dela, justizian hezteko proiektuak euskarazko lerro bat duela, eta digitalizazio sistema egokitu dutela agiriak ele bitan edukitzeko. Nolanahi ere, onartu du «zailtasunak» badirela justizia guztiz euskalduntzeko, bereziki epaiketak osorik euskaraz egin ahal izateko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren memorian jasota dagoenez, 2011tik 2020ra ez zen epai bakar bat euskara hutsean eman. Autoei dagokienez, berriz, %0,05 bakarrik egin ziren euskaraz 2020an.

Bide horretan, iragarri du datorren urtean proba pilotu bat martxan jarriko dutela bederatzi epaitegitan epaiketak euskaraz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.