78 urteko emakume baten senitartekoek salaketa jarri dute Osakidetzaren kontra, El Correo egunkariak argitaratu duenez, haren artan «arduragabekeria medikoa» egon zela iritzita. 2022ko abenduan, Txagorritxu erietxean (Gasteiz) sartu zuten emakumea, eta, logelan bakarrik zegoela, ohetik jausi zen. Ordu batzuk geroago hil zen, buruko traumatismo baten aztarnak zituela.
Salaketan zehaztu dutenez, pazientearen txostenean ez da ageri erorikoaren larritasuna neurtzeko azterketarik egin ziotenik, nahiz eta emakumeak kolpea izan zuen buruan eta antikoagulatzaileak zituen hartuak.
Senitartekoek administrazio arloko erreklamazio bat aurkeztu zuten, baina Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez zien erantzun. Hori ikusita, auzitara jotzea erabaki dute, eta Administrazioarekiko Auzietarako Gasteizko epaitegi batek bere gain hartu du auzia.
Senitartekoek uste dute «ulertezina» dela gaixoari azterketarik egin ez izana bestelako protokolorik abian jarri ez izana, eta esan dute «osasun arloko agintarien erantzukizuna» izan litekeela.